Egiptoko delta laster urpean izango da eta Alejandria uharte

  • Gizaki modernoaren sehasketako bat izana den Niloko deltak bixaje guztietako inbaditzaileak ikusi ditu bertaratu ondoren alde egiten. Oraingoa, aldiz, gau eta egun munduko baratzerik emankorrenen murkoak jaten dizkion itsasoa, baliteke betirako sartzen aritzea.
Egiptoko delta. Baserritarren umeek posatzen dute ikasle-irakasleen kameren aurrean.
Hipatia jakintsu hura, zineetan Agora filmean asteotan erakusten zaiguna, Alejandriako karriketan ikusten dugu beti, Kristo ondorengo V. mende hasierako hiri sofistikatu hartan. 800 urte zituen ordurako Alejandro handiak fundatutako hiriak. Gero eta zabalago zen hiria urteek apaindu zuten konkistatzaile batek hurrengoari lagatzen zizkion eraikinez, liburutegi, antzoki, eliza, orotariko monumentu... Baina justu ziutatearen bueltako harresien beste aldetik betiko bideari jarraitzen zitzaion Niloko delta. Gaur arte.

Hegotik Iparrera, Nilo ibaiaren azken 160 kilometroak hartzen ditu deltak. Kostaldetik, 240 kilometroko zabalera du. Neolitikoan nekazaritza asmatu zutenetik, munduko baratzerik emankorrenetakoak hemen egon dira. Haiek bereganatu nahian pasa dira deltatik antzinateko potentzia nagusiak. Nilon barrena faraoiak iritsi zitzaizkien estreina. Persiarrak gero. Greziarrak Alejandro Handia buru zutela. Erromatarrak ondoren; Kleopatra eta Marcus Antoniusen historia ere hemengoa da. Arabiarrak, otomanoak, Napoleon, Albaniako pasha... 1952.ean Gamal Abdel Nasser-ek egiptoarren subiranotasuna berrezarri zuen arte.

The Guardian egunkarirako erreportajea egitera deltara iritsitakoan, laborari batek baino gehiagok zera esan zion Jack Shenker kazetariari: “Inbaditzaile guztiak uxatu izan ditugu eta itsasoa ere menderatuko dugu”. Baina alderantzizkoa gertatzen ari dela dioten zantzuak topatu ditu edonon Shenkerrek eta alarma etsituz betetako kronika idatzi du: “Niloko delta: Urpera goaz, itsasoak bereganatuko ditu gure lurrak”. Eta bigarren lerroburua: “Niloko delta arriskuan dago itsasoa mailaz igotzen ari delako. Hemen produzitzen den janaririk gabe, Egiptok hondamendia nozituko du”.

150 urtez bertan nekazaritzan ari diren familiak aurkitu ditu kazetariak. Maged Shamdy-rena, adibidez, sei belaunaldi baratzegintzan eta arrantzan, kanaletan. Nekazariok berenganatu dute bost mila urteko jakituria, lurraz, landareez, animaliez, ureztatzeaz. Baina gero eta nekezago bizi dira bertan. Lurrak eta urak ematen dutenarekin ezin da familia hazi eta hirira ihesi ez doazenek bigarren ofizioren batean aritu behar dute inguruetan.

Urteotan, izan ere, lurra arras hondatu zaie Nilo ibarretan. Errudunak bat baino gehiago dira. 1970an itxi zioten bidea ibaiari Aswango harresi erraldoiarekin. Egipto modernitatean sartzeko ezinbestekoa omen zen Niloren urteroko uholdeak arautzea. Baina aldi berean, urtegiak oztopatuta arras gutxitu ziren Niloko bokale inguruetako ibarretan urtero zabaltzen zituen lohi eta mausarrak. Milaka urtez iritsitako lupetzen ongarririk gabe, berrogei urteotan zekentzen joan dira deltako erriberak.

Inbaditzailerik gaiztoena gatza

Lohi biziemaileaz gain, Aswan dela medio, gero eta urriago iristen da ur geza ere Niloko deltaraino. Ordainetan, itsasotiko ur gaziak hartzen du gezaren tokia. Hori ondo dakite deltako herrietako agintariek, gero eta sakonago zulatu behar dutelako edateko uraren bila. Eta are begien bistanago daukate baserritarrek, haien sailetan lurra gatzezko zarakarrak estaltzen duelako.

Horri gehitu behar zaio kutsaduraren kaltea. Baratzeak ureztatzeko kanaletatik barrena iristen den ura gero eta zikinagoa da, Aswango presa egin zenetik erabakita baitago hirietan usatutako urez erregadiatuko direla gero ortuak. Ondorioz, lurrari zerbait atera nahi dion laborariak egunetik egunera ongarri eta pestizida gehiago astindu behar du.

Baina munduko ekosistemarik emankorrenetako batek are arazo larriagoei egin behar die orain aurre. Klimaren aldaketari, urbanizazioari eta jende gehiegiari.

Dagoenekoz asko aldatuta dago Egiptoko itsas hegia uraren igoeragatik eta 1970tik Nilok askoz ur gutxiago dakarrelako bokaleetaraino. Egiptoko hieroglifoak ulertzea baimendu zuen harriak munduan famatu egindako Rosetta hiriaren inguruan ehunka metro jan dizkio kostari itsasoak. Hain da larria egoera han, ezen eta Egiptoko gobernuak Txinako enpresa bati eman baitio kostaldea hormigoizko puska erraldoiz finkatzeko lana.

Klimaren aldaketagatik mende hau bukatzerako uraren maila onenean metro batez goratuko denez, Nilo ibarraren %20 utziko du urpean. Hori onenean. Aurreikuspen ezkorragoren bat suertatzen bada, delta osorik geratu daiteke itota eta itsasoa Kairo hiribururaino iritsi. Alejandria ez dago ugarte bihurtzetik oso aparte.

Kairoko American Universityko zuzendari Rick Totwiler zuzendariak Nilo ibarreko kasua Bangladesheko itolarriarekin alderatu dio kazetariari. “Alde batetik daukazu jende pilaketa handia, gehiegizkoa, bestetik horrek arriskupean jartzen ditu inguruko baliabide naturalak, gero badauzkazu fabrikek, autoek eta nekazaritzak eragin kutsadurak. Eta guzti horri erantsi behar diozu itsasoa goraka datorrela. Horra ekaitz perfektoa”.

Antzina erriberotan natura basatia ba omen zen, oihan eta guzti. Baina hori aspaldi zen. Orain 2.000 pertsonaz goiti bizi da hemen kilometro karratuko. Galipota eta betona ere zabaldu dira nonahi. Ez da harritzekoa: 83 milioi biztanle ditu gaur Egiptok (erdia deltan bizi) eta hogei urte barru 110 izango omen dira, nonbait bizi beharko dute.

Lur gutxiago batetik eta dauden baratzeak oso hondatuak, asko gainera gatza dela medio abandonaturik, milioika jende horiek guztiak zerekin aseko diren galdetzen dute adituek.

Egiptoko agintariek etorkizuna deltako zingiretatik urrun ibaian gora jota ikusten dute, Hegoalderago, Aswan presa inguruetan eta oro har Nilo bazterretan. Horietan erraztasun handiak ematen dizkiete agroindustriako multinazionalei, errio ondoko basamortuan luberriak landu ditzaten. Faraoiek ere amets hori omen zutelakoan.

Baina Jack Shenkerrek elkarrizketatu dituen adituek, hala nola Alejandriako unibertsitateko Salah Soliman irakasleak, uste dute plan horren arazoa deltako nekazariek daukaten bera izango dela: urik eza. “Nazio Batuen Erakundeak pertsonako eta urteko 1.000 metro kubo behar dela kalkulatzen du eta Egipton 700etan gabiltza. Jendea ugaritzearekin, 450era jaitsiko gara”. Hori gutxi balitz, kalkulatzen da klimaren aldaketak erdira jaitsiko dituela euriteak Egipton. Ezin pentsatu nekazaritzako mozkinak ugarituko direnik, alderantziz baino.

Alejandria itsasotik babesteko agintariak 222 milioi euro ari omen dira gastatzen. Zenbat gastatu beharko da Egipton lehertzear den erloju-bonba indargabetzeko?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egiptologia
Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Wasabia papiroak garbitzeko

Kairoko Egiptoar Museoko Kontserbazio Zentroko ikerlariek egiaztatu berri dute Eutrema japonicum edo Cochlearia wasabi izeneko errefaua egokia eta eraginkorra dela papiroak garbitu eta kontserbatzeko. Hau da, nagusiki japoniar sukaldaritzan erabiltzen den wasabia baliatu dute,... [+]


Esfingea haizeak zizelkatu zuen

New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari talde batek esperimentu bat egin  berri du, Gizako esfingearen materialak eta eraiki zuten garaiko baldintza klimatikoak imitatuz.


Eternitatearen usaina

Antzinako Egipton, momifikazio prozesuan, zenbait organo ontzi kanopotan sartzen zituzten, eta hainbat substantziaz osatutako baltsamoak erabiltzen zituzten horiek kontserbatzeko.


Gela Berdeko hegaztiak

Duela 3.300 urte inguru, Meritaton printzesa, Akhenaton faraoiaren eta Nefertitiren alaba zaharrena, Tell al-Amarnako Iparraldeko jauregian bizi izan zen.


Eguneraketa berriak daude