argia.eus
INPRIMATU
Uste baino plutonio gehiago Cadarache-n
Joxerra Aizpurua Sarasola 2009ko urriaren 28a
Frantziaren ekialdean, Mediterraneoaren ondoan, Cadarache-ko ikerketa nuklear zentroa dago. Bertan, erregai atomikoa sortzeko enpresa ixten ari zirela, uste baino plutonio gehiago topatu dute andeletan gordea. Zortzi kilogramo baino ez zirela egongo espero zuten, eta hara non 39 azaldu diren.

Horren aurrean, Segurtasun Atomikorako Komisioak (ASN) 2. mailako alerta ezarri du, eta bertan behera utzi ditu lantegia ixteko lanak. Antza denez, hainbat baldintza aldi berean emanez gero, plutonio kantitate horrek kate-erreakzio nuklearra sor dezake. Horrez gain, bertan ari diren langileen osasunak kalteak jasan ditzake, jada jasan ez baditu. Gertaera hau Frantzian izateak asko larritu du Energia Atomikorako Komisioa (CEA), eta zalantzan jarri ditu lantegi nuklearretan erabilitako metodologia guztiak.