argia.eus
INPRIMATU
Rosa Diez Urrestarazu
“Ez dugu legez kanpo dagoen inor ekarriko”
Sustrai Colina 2009ko azaroaren 01
Rosa Diez Urrestarazu
Rosa Diez UrrestarazuDani Blanco
Euskadi Irratiko, Gazteako, eta EITB irratiko zuzendariak ez al lituzke hiru belarri behar?

Beti telebistan lanean, eta orain, irratiko zuzendari. Zurea bai transbersalitatea!


Kazetaria naiz, profesionala, eta 26 urte daramatzat etxe honetan lanean. Ez da hainbesteko aldaketa. Euskadi Irratia euskaraz mintzo den toki guztietara eramaten saiatuko naiz, diru gutxi daukagu baina.

Orain ulertzen dut hileta-oharren ugaritzea.


Diru premia da, besterik ez. Hori bai, gurean hiltzea oso merkea da, eskelako 50 euro baino ez dugu kobratzen!

Kazetaritza, aldiz, larrutik ari da ordaintzen eskaintzen duzuen prekarietatea.


Lan prekarioa kaskarragoa dela bistakoa da. Lau egunerako datorrenari ezin zaio miraririk eskatu, baina horixe da herentzian jaso duguna. Ea zer irtenbide topatzen dugun, eta kalitatezko irrati bat egiten jarraitzeko moduan garen.

Lasai, zure nagusiak euskaraz dakiena jakinda, ez dizu errieta handirik egingo!


Sentsibilitate handiko euskaltzalea da Alberto Surio. Jendeak uste baino euskara gehiago daki. Lotsatia da, baina hemendik pare bat urtera sorpresa emango du!

Ezker abertzale ilegalizatuaren presentzia mediatikoa deuseztatuz ala areagotuz?


Ikusi duzu gure tertuliakideen zerrenda? Ezker-abertzalearen barruan arlo askotako adituak daude, eta zeresana duen jendeak beti izango ditu gure mikrofonoak zabalik.

Ez alde egin gaitik, ezker abertzale ilegalizatuaren bozeramaileak hartuko dituzuen jakin nahi dut.


Ikusiko dugu, interes informatiboaren arabera. Garbi dagoena da ez dugula legez kanpo dagoen inor ekarriko, ezker abertzalekoa izan ala Francisco Paesa izan. Hori hala, bistan da sentsibilitate guztiei hitza emateko ahalegina egingo dugula.

Hori da ditxosozko “pedagogia zibikoa”?


Gizartean galtzen ari diren balore batzuk zabaldu behar ditugu. Gu ez gaude hemen politika egiteko, irrati ona egiteko baizik, eta uste dut badaudela egunero gurera nor datorren lupaz begiratzea baino zeregin garrantzitsuagoak.

Aldaketak izutu duen jendea lasaitzeaz ari zara?


Ez dut ulertzen zergatik izutzen den jendea. Guk ez dugu ezer deskubrituko baina inertzia bat puskatzera gatoz. Erakundeak ez dira inorenak, jendearen esku gaude, eta aldaketek gizartea berritu baizik ez dute egiten.

Horixe gogoratuko dizute zure kazetari xumearen bulego kaskarrera bueltatzen zarenean.


Hankak lurrean dauzkat, badakit zein den nire benetako lanpostua. Badakit hau epe baterako istripu gozoa dela. Beste batzuei agian ahaztu zitzaien, hortik komeriak.