Ba al dakite ikasleek ahozko egoera formaletan moldatzen?

  • Ez gara jendaurrean hitzaldi bikainak egiteko ikasita jaio. Unibertsitateko ikasleek ere zailtasunak izan ditzakete egoki komunikatzeko egoera formaletan. Ines Garcia irakasleak EHUn esku artean duten ikerlana azaldu digu.
Zenbatek ez du urduritasuna sentitu jendaurrean hitz egiteko unea iritsi zaionean?
Denok dakigu hitz egiten, beraz, denok dakigu ahozko hizkuntza erabiltzen. Baina… zer gertatzen da, esate baterako, jendaurreko egoera formal batean hitz egin behar dugunean? Zenbatek ez du urduritasuna sentitu jendaurrean hitz egiteko unea iritsi zaionean? Eta zenbat sentitzen dira eroso askoren arteko debate formal batean? Goffman-i (1987) hitzak lapurtuta, nork ez ditu “mehatxuak”, “arriskuak” ikusten aurrez aurreko mintza-jarduera horiei ekiteko orduan? Ohitura eta trebezia handia behar dira horrelakoetan eroso sentitzeko. Idatziz zein ahoz komunikatzeko trebetasunen garrantziak, ordea, gero eta aitorpen zabalagoa du: arlo profesionalean aritzeko, arlo akademikoan... Ikusi besterik ez dago jendaurrean ahoz hitz egiten trebatzeko eskaintzen diren ikastaroen eta eskuliburuen arrakasta, edo bertsolaritzaren esparruan ahozko hizkuntzari lotuta egin diren lanen eta abian jarri diren ekimenen arrakasta. Baina komunikazioa gauza konplexua da. Zailtasunak batzuetan hizkuntzaren ezagutzari lotuta egon daitezke, baina beste zenbaitetan hizkuntza ondo ezagutu arren, ez ditugu behar beste ezagutzen mintza-jarduerak eskatzen duen diskurtsoaren ezaugarriak.

Trebeziak eta premiak hausnartzen

Unibertsitatean nahiko ohikoa da ikasleei ahozko aurkezpenak eskatzea. Sarritan segurutzat jotzen da ikaslea unibertsitatera heldu orduko trebetasun horiek badituela, berez garatu omen dituelakoan edo, eta zorte apur batekin hiruzpalau aholku emango zaizkio; era berean, lan-arlora iristen denean profesionalki jarduteko komunikaziorako trebeziak izango dituela joko da ziurtzat. Trebezia horiek, ordea, hainbat arrazoirengatik ez dira berdinak pertsona guztiengan, ez dira berez ikasten eta prestakuntza behar izaten dute. Gauzak horrela, hau da gure galdera: ba al dakite ikasleek ahozko egoera formaletan moldatzen? Badakite, esate baterako, nola jardun jendaurreko hitzaldi batean? Nola irudikatzen dute komunikazio-egoera hori? Zein estrategia baliatzen dute zeregin horri aurre egiterakoan? Intuizio bat badute, bai, denok daukagu, denok entzun dugulako inoiz irakasle bat berbetan, hizlari bat, esatari bat… baina zenbateraino asmatzen dute entrenamendurik gabe? Galdera asko dira eta azterketa sakonagoak egin behar dira erantzuteko, baina hortik abiatuta gaiari hurbiltzeko ahalegina egin dugu ikerlan batean. Ikasleek, zer egiteko gauza diren, eta zein premia dituzten ezagutu nahi izan dugu, horrela jakingo baitugu komunikatzeko trebeziak hobetzeko zer egin dezakegun. Asmo horrekin, beraz, unibertsitateko hainbat espezialitateko ikasleen ahozko azalpen laburren bilketari eta azterketari ekin genion. Ikasle horiek beren espezialitatearekin lotutako gai bat prestatu zuten gero ahoz gelakideen aurrean aurkezteko. Luze joko luke egindakoaren xehetasun guztiak emateak eta oso labur bilduta azalduko dugu, halabeharrez, hurrengo lerroetan.

Jendaurreko aurkezpen formal horien azterketa eta lanketari ekiteko, Genevako Unibertsitateko hizkuntzaren didaktikaren adituek ekarritako berrikuntzen ildotik, urrats hauek eman genituen: lehendabizi ikasleek behin-behineko ahozko aurkezpena ekoiztu zuten eta grabatu egin genuen, ondoren ikasleek taldeka haien trebezien eta premien gaineko gogoeta egin zuten eta irakaslearekin eztabaidatu zuten, gero alderdi horiek landu ziren (sekuentzia didaktikoen ereduari jarraiturik), eta bukatzeko, behin betiko ahozko aurkezpena (eta haren grabazioa) egin zen. Ikasturte ezberdinetan eta espezialitate-arlo ezberdinetan (Medikuntza eta Irakasle-ikasketak) egindako aurkezpenekin corpus bat osatu genuen. Orain arteko azterketak hainbat argibide eman digu.

Grabatu, eta hobetu... ahal bada

Gure mintza-jarduerak testuinguruaren parametroek ezarritako baldintzen araberakoa behar du izan, eta baldintza horien arabera forma bat edo beste bat hartzen du, ez da berdina solasaldi espontaneoa edo jendaurreko ekoizpen formala. Formalaren barruan ere egoerak baldintzatuko du ahozko jarduna: egitura bat edo bestea aukeratu, eduki hau edo bestea, baliabide diskurtsibo batzuk aukeratu eta beste batzuk baztertu... Hiztunak kontuan hartu behar du non, norentzat eta zertarako hitz egin behar duen, baina kontuan hartu behar du, baita ere, zeren gisa hitz egin behar duen. Ahozko azalpen formaletan hizlariak aditu papera bereganatu behar du nahiz eta hitzaldiaren edukia espezializazio maila ezberdinetakoa izan daitekeen komunikazio-egoeraren arabera.
Ez da dirudien bezain erraza, eta arazo eta ezberdintasun ugari ikusten dira bildutako grabazioetan, batez ere espezialitate batekoak eta bestekoak alderatzen ditugunean. Ikasleek oso modu ezberdinetan irudikatzen dute mintza-jarduera. Irudikatze-modu horrekin lotuta dago, besteak beste, testuaren planifikazioa eta antolaketa, esatariak duen jarrera esaten duenarekiko eta entzuleekiko modalizazioa eta, oro har, aukeratzen duen zailtasun maila. Alderdi horiek landu ostean ikasleen ekoizpenak nabarmen hobetzen dira: testua hobeto planifikatzen eta antolatzen dute; gauzak argiago azaltze aldera berformulazioak erabiltzen dituzte, diskurtsoa modalizatzeko baliabideak hasten dira erabiltzen eta beren diskurtsoan entzuleak integratzeko edo kontuan hartzeko elementu linguistikoak erabiltzen hasten dira... Deigarria da ordea, zein alde txikia dagoen kasu batzuetan ikasleen hasierako eta bukaerako ekoizpenen artean, zenbaitetan kezkatuago dirudite zuzentasun gramatikalaz goian aipatutako alderdiez baino eta ondorioz ez dute egokitzen beren diskurtsoa komunikazio-egoerak eskatzen dituen baldintzetara; terminoak eta kontzeptuak azaldu beharrean termino berrien bitartez definitzen dituzte, ez dituzte erabiltzen berformulazioak edukiak hobeto azaltzeko... Bat-bateko begirada batean ezaugarri horiek espezializazio-arloaren zientifikotasun edo konplexutasunarekin lotuta daudela pentsa genezakeen arren, ikusitakoak testu-generoaren adaptazioari lotutako zailtasunak iradokitzen dizkigu.

Estrategia bila

Ahozko hizkuntza lantzea konplexua da eta baliabide ugari eskatzen du, bai teknologiaren aldetik, bai denboraren aldetik. Baina lan egiteko era honek aukera ematen du alde batetik, taldeka lan egiteko eta ikasleen parte hartzea areagotzeko; bestetik, oso aberatsa eta eraginkorra da ikasleen prestakuntzan bigarren ekoizpena nabarmen hobetzen delako hasierakoarekin alderatuta; hirugarrenez, beste ikasgai batzuekin zehar-lana egiteko aukera ematen du edukiak aukeratzeko orduan; eta laugarrenez, ikasleei aukera ematen die komunikazio-egoera errealetan jarduteko. Nolanahi ere, interbentzio didaktiko sinpleagoak ere diseinatu daitezke, adibidez, aldez aurretik egindako grabazio batetik abiatuta han agertzen diren arazoak identifikatzeko eta alderdi horiek ikasleekin gelan lantzeko. Edonola ere, hobetzeko esperimentatu egin behar da eta irakasle bakoitzak bilatu behar ditu marko teoriko koherente baten barruan, ikasleekin erangikorren gertatzen zaizkion estrategiak eta lanabesak. Garbi dagoena da garrantzitsua dela gure etorkizuneko profesionalen hizkuntza-prestakuntzan ahozko testu-genero formalei ere lekua egitea, baita unibertsitatean ere.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude