argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2009ko urriaren 28a

Eusebio Erkiagaren Aspaldiko Maigret itzulpen lana publikatu dute Bilboko Udalak eta Labayru ikastegiak. Lana Andres Urrutia euskaltzainak berreskuratu du urte luzez galduta egon eta gero. Erkiagak 1954an itzuli zuen George Simenonen detektibe liburu ezaguna (La premiére enquête de Maigret) eta pertsona bati eman zion argitaratzeko; orduz geroztik galduta egon da. Andres Urrutiak Euskaltzaindian aurkitu zuen itzulpenaren kopia bat eta Erkiagarena dela baieztatu du jatorriko liburuarekin kontrastatu eta gero.

 

Luis de Pablo konpositore bilbotarrak Tomas Luis de Victoria Musika Sari Iberoamerikarra jaso du. 79 urteko musikagilearen ibilbidea omenduko du 60.000 euroko sariak. Ohore handia dela adierazi du De Pablok. 1950eko hamarkadan, europar abangoardietara ireki zuen musika kultua.

 
 

Josean Bengoetxea irabazi du Donibane Lohitzuneko Zuzendari Gazteen Zinemaldiko aktore onenaren saria, Roberto Castonen Ander filmean eginiko lanarengatik. Pelikula horrek sari ugari jaso ditu dagoeneko nazioarteko zinemaldietan.