argia.eus
INPRIMATU
"Gure sistema demokratikoa indartzeko ezker abertzaleak barruan egon behar du"
Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko maiatzaren 06a

Euskal gatazka politikoaren arloan “herritarren partaidetza” aztertu duzue. Zer azpimarratuko zenuke?


Herritarren ekarpenak jasotzea oso beharrezkoa dela. Arlo hori lantzeak gatazka konpontzeko bideak erakutsi dizkigu. Nik ez dut uste Euskal Herriko gatazka politikoa konpondu daitekeenik herritarrei bizkarra emanda, alderantziz, herritarrek gaia hausnartu eta konponbidean parte-hartu behar dute. Bide horretan, giza eskubideen errespetua eta erabakitzeko eskubidea printzipioak aintzat hartu gabe ez dago arazo politikoari irtenbidea ematerik.

Egileetako batek “Gizartea bera da gatazka politikoa” dio bere azterketan.


Ados. Ordea, nik maila ezberdinetan jarri behar diren gatazka ikusten ditut. Arrazoi du, gizarte gatazka iraunkorrean dela interpretatzean. Baina ez gara horretaz ari soilik. Euskal Herriak badu konpondu gabeko arazo politiko bat. Gatazka politikoa eta biolentzia bereizi behar dira, baina gatazka politikoari heldu behar zaio erro-errotik.

Ezker abertzalearen partaidetzarik gabe posible ote?


Ezker abertzalearen legez kanporatzea astakeria demokratiko handia da. ETAren biolentziaren auzia konpontzeko ezker abertzalea sistema demokratikora ekarrarazi behar da, ez sistema demokratikotik kanporatu. Ezker abertzaleak ez duela ezer ekartzeko pentsatzeak konponbide politikotik urruntzen gaitu. Ez dut uste ETArekin bide horretatik amaitzea posiblea denik. Gainera bide horrek demokrazia sistema ahultzen du. ETArekin bukatzeko bidea gure sistema demokratikoa indartzea da. Eta sistema demokratikoa indartzeko ezker abertzaleak barruan egon behar du.

Arnaldo Otegi eta Rafa Diezen atxiloketak nola interpretatu dituzu?


Ezker abertzaleko politikari hauek ETAren biolentziarekin amaitzeko borondatea dutela uste dut, bide politiko eta demokratikoetatik lan egiteko saiatzen ari direla. Atxiloketak eta haren lana moztea kaltegarria da. Ez da ETArekin amaitzeko bidea.


PSOEren ustez sinesgarritasuna galdu dute.


Nire ustez, aldiz, Otegi eta Diezek bide demokratikoen aldeko eta beste ziklo politiko bat irekitzearen aldeko apustua egin dute, ETArik gabeko zikloa. Hori gauza jakina da. Garbi dena da, ETA indarrean dagoen bitartean ezker abertzaleak oso zaila duela politika egitea. Beste jokaleku batera pasatzeko norbaitek lan egin behar du, eta egin behar da ere ezker abertzalearen barrutik, kanpotik ezin da. Lan hori egiten ari direnak kartzelara eramatea noren kalterako da? Herriaren kalterako.