Ametsak eta beste

  • Oier Guillan ::Eskuen sustraiak

    Susa

    orrialdeak ::128

    prezioa ::14.50€

Begi bien sujauzia (1998, Mikelazulo), eta Gabeziak (2001, Bermingham) obra minoretzat ezin daitezkeen arren jo, Oier Guillan gaur dakargun lan honekin sartu da, zalantzarik gabe, arnas luzea eskatzen duen poesian. Liburuaren sei atalek ortuaren eta ortuan ari denaren zikloa definitzen dute –ildoak, hazia, gorotza, eskuak, denbora, lore inperfektuak–. Kuriosoa da, baina ukitu baserritarrak batasuna ematen dio kale-kantoi globaletik idatzita dagoen liburu honi. Batasun estilistiko handiko liburua da, eta era berean gai asko nahasten ditu. Zabala da Eskuen sustraiak.

Idazkera konkretu bat errebindikatu du Guillanek, utopiaren poesia dei dezakeguna. Utopiaren poesia hori norbere burua osatzeko idatzi ohi da, edo barkatzeko, edo terapia moduan, baina beti ere pasioz eta artearen ahaletan sinetsiz: “Ez dut gogoko maitasuna hitza/ ez askatasuna/ ez ametsa.// Kontraesanean bizi naiz,/ esanahien kontrako/ iraultza dutelako xede/ lerro hauek.// Hitzon hezurdura/ berreskuratu nahi nuke/ egunerokotasunetik, xume,/ zintzoki esateko:// maite ditudan pertsonak/ tristeziatik askatzea/ dut amets.”

Baina poesiak atera gaitzake tristeziatik? Ez dakit ba apur bat behartutakoak ez ote diren liburuko zenbait eremu semantiko, izan positiboak zein negatiboak: tristezia versus poesia da bat, utopia versus errealitatea da beste bat, azken hau liburuko nagusienetarikoa. Ardatz imajinarioaren alde batean jartzen ditu Guillanek iraultza, ametsak, Lisboa eta loreak; eta beste aldean uniformetasuna, askatasun eza, babes ofizialeko etxeak eta bakardadea. Lirismo sinplera egiten du liburuak lartxo. Poemak bukatzeko modua, ostera, ez da hain ebidentea. Karga handiena azken lerroetan jarriz apur bat jabaltzen da lehen aipatu dugun sentsazioa; bukaera ireki eta enigmatikoen bidez errazkeriatik urrundu egiten da zertxobait idazlea.

Inoiz egin dudan poeman iradokitzen den legez, espiritu etsituak beste mundu batera gura luke heldu: nahiz eta hitza gauza ezdeusa izan, leku hobea lortzen lagundu behar du. Liburuan emozioen lurraldea eta amets sozialena nahasten dira maiz, eta hitzak horretara behartu eta moldatuak opatzen zaizkigu. Behin baino gehiagotan kontzeptu zehatzekin jolasten da Guillan, abstrakzioaren mugetan: “Hau ez da graffiti bat./ Ezagutzen ez dudan paisaia bat sartzen ari zait ahotsean”.

Azkenak
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Eguneraketa berriak daude