Ingurugiro eta laneko segurtasunerako agentzia frantziarrak (AFSSET), erradio-frekuentziei buruzko azterketa sakona egin ondoren, haien eraginpetik ahalik eta urrutien edo ahalik eta denbora gutxien egotea aholkatu du.
Urteetan aritu da lanean AFFSET, eta 1.000 artikulu baino gehiago eta dozenaka nazioarteko txosten aztertu ondoren, urriaren 15ean eman ditu ondorioak.
Eragin biologikoez ziharduten 100 artikulutik bederatzi baino ez dira ontzat hartu; horietan hainbat gaixotasun izateko arriskua aipatzen da. Erradio-frekuentziak efekturik ez duela adierazten duten 69 artikulu baztertuak izan dira, fidagarritasun zientifiko nahikorik ez zutelakoan.
Emaitzak oso orokorrak izan badira ere, ikertzaileen susmoa da erradio-frekuentzien eragina uste baino handiagoa dela, eta interes ekonomikoek arriskua gutxiesten duten artikuluak zabaldu dituztela larritasuna kentzearren. Hala ere, garbi azaldu dute aztertzen segitu behar dela, baina zintzotasun zientifikoz.