argia.eus
INPRIMATU
Zerbait bazekien
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Ez zebilen adarra jotzen. Aurtengo Tourreko egonaldiaren bukaeraren bezperan alokairuaren ordainketa egiten ari ginela, etxeko jabeak heldu den urteko etapak hantxetik pasa eta Tourmaleten bukatu behar zuela esan zigun. Datarik gabe, baina etxea nahi izanez gero guretzat gordeko zigula. Gure harridura ikusita, ezin zigula gehiagorik esan baina segurantza osoa zuela gaineratu zigun. Gure insistentziari irri ttikiak eginez, dudarik ez egiteko eta baietz, baietz, hori hala izango zela erronkan agurtu gintuen. Hitza hitz lege, etxea xede konpromisozkoa eman genion elkarri sineste handirik gabe. Dagoeneko bolo-bolo dabil datorrenaren egitaraua Internet lekuko eskuragarriena. Eta goitik behera, ezker-eskuin baieztatu da jabearen esana, bere etxetik igaro eta gainean bukatzen da etapa bat. Honek adierazten du garbiki tokiko komertzianteen indarra erabatekoa dela, kirol arrazoien gainetik egituratzen direla ibilbideak. Beraz, erreka emaritsuaren musika asonantearen altzoan lo eginen dugu berriz ere La Mongieren behealdean, gure eguneko promenade terapeutikoak lagun eta Madalenak bertan ospatuz.