Txanpon beraren alde biak

Imanol Alvarez
Imanol AlvarezIñigo Azkona
Telediarioetan berri txarrak baino kontatzen ez diren bezala, hau bezalako artikuluxka gehienetan kontu ustez gaiztoak erabili ohi ditugu gure berriketarako. (Barkatuko didazue telediarioetan esan izana, gauregunetan esan beharrean, baina nire ume-gazte garaietan telediaroak baino ez geneuzkan, eta adin batetik gorakooi izugarri kostatzen zaigu holakoak ordezkatzea). Gaurko ataltxoan, aldiz, salaketa batekin hasiko naizen arren (ifrentzua), zerbait positiboa ere aipatuko dut (aurkia), oreka emozionalari eutsi ahal izateko ezinbestekoa baitugu begirada baikorrak ematea, noizbehinka bada ere.

IFRENTZUA: Lehengo astean aita hil zitzaigun. Berak nahi bezala, Derion dagoen Bilboko udal hilerrira gorpua erraustera joan ginenean, krematorioko aretoan geundela, hango arduradunak hurbildu, “badator kapilaua” esan eta, besterik gabe, gizon bat sartu eta otoitz egiten hasi zen. Erdaraz, jakina. Onartzen dut oraindik ere Bilbo batean jende gehienak nahiago izaten duela –ohituraren ohituraz– errito katolikoa erabili eta erdaraz egitea. Ordea, estatu laiko batean egongo bagina, denon eskubideak bermatuko balira, galdetu egin beharko ligukete, behintzat, ea otoitzik nahi dugun, ea euskaraz ala erdaraz, ea zein erritotakoak garen... Ez dut uste administrazioak inolako erlijio-zerbitzurik eskaini behar duenik, baina argi daukat, eskaintzekotan, herrian existitzen diren erlijio oro hartu beharko lituzkeela aintzat. Ni neu irainduta sentitu nintzen. Aita galtzeak eraginiko minari gehitu behar izan nion Udalaren mesprezuzko trataerak eta inork deitu ez zuen apaiz haren portaerak eraginikoa. Noiz enteratuko ote dira gure agintariak estatu laiko batean ez dela bidezkoa errito katolikoak lehenestea eta, horrela eginez gero, ehunka, milaka hiritar laidoturik eta atsekabeturik senti daitezkeela?

AURKIA: Lagunak urteak daramatza metal arloko lantegi batean beharrean. Lehengo egunean, kasualitatez, bere kontratua ikusi nuen eta, nire harridurarako, ondoko hau irakurri: “...kaleratua izateko arrazoiak hauexek dira: portaera matxistak, arrazistak, homofoboak...”. Berez, horrela izan beharko luke, baina tamalez batere ohituta ez gaudenez –are gutxiago metal arloan–, esan gabe doa izugarri poztu nintzela, iruditu baitzitzaidan urtetako borrokak zerbaitetarako balio izan duela. Gutxien-gutxienez aurreko eguneko etsipenari aurre egiteko baliagarri suertatu zitzaidan.

Horra hor gizarte beraren, txanpon beraren, bi aldeak. Edo, agian hobeto esanda, hamaika aldeetako bi.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude