argia.eus
INPRIMATU
Epsilon-Euskadi
Haize-tunela eta superordenagailua
Daniel Udalaitz 2009ko urriaren 25
Epsilon-Euskadi Zentroan sortu da zoru mugikorra duen Espainiako Estatuko lehenengo haize-tunela, hainbat industria-sektoretan aplika daitezkeen aerodinamikari buruzko ikerketak egiteko. Tunelak itzulera indibidualeko zirkuitu itxia du; perimetroaren luzera 140 metrokoa da, eta zabalera eta altuera, hurrenez hurren, hamasei eta zortzi metrokoak. Saiakuntza-ganberak haizearen abiadura berean (260 km/h) mugitzen den zoru mugikorra du, eta 660 Kw-eko potentzia har dezakeen motor batez higitutako turbina bat. Haren barruan egoteak inpresio handia eragiten du. Proiektuko harribitxitzat jotzen den haize-tunel hori jada funtzionatzen ari da, eta horri esker, besteak beste, lortzen dira instalazioen eraikuntzan aurrera egiteko behar diren baliabide ekonomikoak.

Zentro horrek, gainera, badu superordenagailu bat ere; Espainiako Estatuan, ahalmen handieneko bigarren ordenagailua da; horri esker lortzen dute simulazio-programak ahalik eta gehien optimizatzeko beharrezkoa den kalkulu gaitasuna. Ordenagailu hori beste enpresa batzuei ere eskainiko zaie, konputazio-orduak alokatzeko. Horrez gain, Espainiako Estatuan bakarra izango den bederatzi eragingailu hidraulikoko esekidura-simulagailu bat ere izango du, bai eta elektronika zein sistema adimenduetarako softwareak garatzeko laborategiak ere. Bertako bulego teknikoa 60 ingeniari baino gehiago aritzeko prestatuko da.