argia.eus
INPRIMATU
Cesar Oroz
“Diario de Navarra ez da derrigorrez irakurri beharreko buletin ofiziala”
Aritz Galarraga 2009ko urriaren 25
Cesar Oroz
Cesar Oroz
Diario de Navarrako zintengatik ezagutuko dute askok. Horietan agertzen direnek, batez ere.

Kontxo, Oroz, Nafarroako Erresumako marrazkilari ofiziala.


Erdi Arora joan gara eta Erresumako bufoia ekarri dit gogora zure izendapen horrek. Berdin dio, ez diot muzin egiten ezein izendapeni.

Tira, Erresumakoa baino gehiago, bertako buletin ofizialarena, Diario de Navarra egunkariarena.


Buletina irakurtzea ez da derrigorrezkoa eta hainbesteko zabalpena badu Erresuman, erosten delako izango da.

1991tik daramazu bertan, (ia) eguneroko zinta batekin. Nafarroaz-edo.


Nafarroako errealitatea eztabaidazalea da, anitza, erretxina, xelebrea eta dibertigarria. Gutxi gara, baina ez geldirik egotekoak.

(Ia) eguneroko zintaz gain, asteroko bineta duzu ABC egunkarian eta El Jueves aldizkarian tarte bat. Non gordetzen dituzu lan hori guztiori egiten dizuten txinatarrak?


Marrazteko mahai batzuei lotuta ditut denak, baina haien gainean egon behar izaten dut beti, zuzentzen, ekialdekoen itxura hartzen baitute karikatura guztiek.

Dena den, zuk kolaboratzen duzun aldizkari bakarra jarraitzen dut nik, Sibaritas, ardo-janari buruzkoa.


Horrek asko dio zure gustu onaz eta izango duzun diru-zorro ezin hobeaz, aldizkariak erakusten duen bizi maila mantentzeko beharko duzu eta.

Lehen bi galderetan aipaturikoak ez dira dituzun kargu garrantzitsu bakarrak: Pikillo Piperraren Kofradiako ohorezko kide zaitugu, eta Nafarroako Ardoaren Kofradiakoa.


Ardoa umore onarekin lotua dago eta pikilloagatik burua galtzen dute binetatako politikariek.

Galdera lotsagabe bat: zer esaten dizute zure zintetako pertsonaiek kalean aurkitzen dituzunean, edo ekitaldi instituzionaletan?


Ekitaldi instituzionaletara ez naiz joan ohi, eta kalean perfila erakusten didate, beren alde ona ikusi eta guapo marraz ditzadan.

Ulertzen dut: haserretu baino, desiratzen ibiliko da jendea, zuk noiz marraztuko.


Horretaz konturatzen dira kargua uzten dutenean eta nostalgiak hartzen dituenean soilik.

Osasuna jaitsiko al da bigarren mailara aurten? Badaramatza urte batzuk gogoz saiatzen…


Gorritxoak horrelakoak gara, dena edo ezer ez, Championsa edo jaitsiera, erdipurdiko kontuek aspertu egiten gaituzte...

“Gora San Fermin” edo “Gora sanferminak”?


Gora santua, entzierroa, peñak, australiarrak –eme nahiz arrak–, gaua, eguna, kilikiak, baita Ziudadelan, suak ikusi bitartean, izozki bat non eros daitekeen galdetzen diguten donostiarrak ere, Aste Nagusia irekitzeko eurek, guk bezala, txupinazoa dutela ikustarazten diguten bilbotarrak eta blusekin bildu eta zezenketara sartzen ez diren gasteiztarrak.