argia.eus
INPRIMATU
Bizitzaren gezurrak
  • Xabier Etxaniz Erle ::Zangozikin

    Igela

    orrialdeak ::28

    prezioa ::14€

Xabier Etxaniz Erle 2009ko urriaren 18a
Zangozikin dugu istorio honetako protagonista eta narratzailea. “Bazkalondoan, eguzkiak gogor jotzen duenean, kalean inor ez dagoela, plazara irteten naiz txangoan jolastera”. esaldiarekin hasten da kontakizuna, eta espazio horretan, plazan, bazkalostean jazotzen denaren berri emango digu Zangozikinek. Izan ere, badirudi inor ez dagoela bertan, “eguzkiak gogor jotzen duenean”, baina “ordu horretan, kaleak hutsik daudenean, etorkinak azaltzen dira plazara bazter urrunetara dei egin eta han utzi zituztenekin hitz egiteko” eta, hain zuzen, gertakizun horren inguruan dago eraikita liburua.

Zangozikinek etorkin batzuek kontatzen dutena azalduko digu, nola ematen dieten hangoei hemengoaren berri, nola azaltzen hemengo bizitza, giroa… Gurasoei esaten diete ez kezkatzeko, hemengo jendea atsegina dela, frak beltza jantzita ibiltzen direla, lagunak dituztela… baina testuak hori dioen bitartean irudiak bestelako errealitatea erakusten digu, benetako egoera. Eta hain zuzen, horixe dugu albumaren balio handienetako bat: bi kode ezberdin daudenez –idatzizkoa eta irudien bidezkoa– bien irakurketa osatua egin behar dugula eta horrela jakin, esaterako, Itsasok lagun berri bat egin duela eta berarekin ibiltzen dela paseoan dioenean, amonatxoa dela lagun hori. Hau da, irakurleak badaki etorkin horiek ez dutela egia esaten, edo ez egia osoa, etorkinak beraien familiarrak lasaitzen saiatzen direla, hemengo errealitatea aldatzen dutela…

Gainera liburu amaierak, Zangozikinen berri ematen digunak, balio du ideia horiei beste berri bat gehitzeko irakurlearengan gogoeta eraginez.

Aitortu behar dut, esandakoak esan ondoren, Zangozikin liburu honen aurrean bi iritzi kontrajarri izan ditudala. Alde batetik poza eta harridura liburuagatik; idatzizkoaren erritmoak, argumentuak, irudien iradokizunak… horrelako sentimendua eragin didate. Ongi idatzitako istorioa da, hitz gutxitan gauza asko kontatzen eta iradokitzen dizkizun testua; indar handiko irudiak dituen kontakizuna; eta, aurretik aipatu bezala, hitzaren eta irudiaren arteko irakurketa eskatzen duen lana.

Horren ondoan, aldiz, kezka ere sortarazi dit liburu honek. Beste zenbaitetan ere aipatu izan dugun bezala ez da oso argi ikusten zein den irakurle inplizitua. Badirudi liburu hau haur txikientzat egina dela, baina irudien interpretazioa egiteko –Olariagak azaltzen dituen ilustrazio ezberdinen arteko konposaketa ongi ulertzeko– eta testuaren irakurketa osoa egiteko heldutasun maila bat behar da, eta agian horixe izan daiteke liburu honen zailtasuna. Ederra baina ematen duena baino helduagoentzat?