Tanzaniari urre gorrizko lepokoa ezarri diote

  • Zer da hobe herrialde batentzat, aberastasun urriko eremu batean ala oinpean urre gorria tonaka dituen batean egokitu izana? 43 milioi tanzaniarretako askok hori galdetzen diete beren buruei: multinazionalak lurpetik altxorra eramaten ari zaizkie hondakinak bertan utzita.
Anglo-Gold Ashanti korporazio hegoafrikarrak bere webgunean erakusten du argazki hau, Geita eskualdeko urre meategiari dagokiona.

39.000 milioi dolarreko altxor baten gainean datza Tanzania. Baina Dar es Salaameko gobernuak ez badizkie behar bezalako baldintzak ezartzen urre gorri hori lurpetik atera eta atzerrira daramatenei, dagoenekoz munduko herrialderik txiroenetakoa dena are sakonago jausiko da miserian.

Lurraldez munduko herrialdeen zerrendan 27.a den Tanzanian –Espainiako erresumaren bi halako zabalera– 43 milioi jende bizi dira, Nazio Batuen Erakundeak giza garabepena neurtzeko indizean 153. daudenak. Hitz batez, buruko eta urteko 520 dolarreko aberastasuna kontabilizatzen dutelarik, tanzaniarrak munduko txiroenetakoak dira. 12-16 milioi herritar bizi da egunean dolar bat baino gutxiagorekin.

Wikipediak eta bestelako iturriek aipatzen dute independentziaz geroztik Tanzanian martxan jarritako sistema sasi-sobietarrak –nolabait laburtzeko esanda– herrialdea porrotera eraman zuela, beste oker frankoren artean baserrietako herrixkak deseginez, populazioak kontzentratuz eta nekazaritza tradizionala suntsituz.

1980tik justu alderantzizko botika errezetatu zaie tanzaniarrei. Alegia, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren estrategiak gordintasun betean: publiko zen guztiaren pribatizazioa eta merkatuaren araugabetzea. “Egituren Egokitzapenerako Programa” bataiatu zuten botikak ezartzen zuen, Afrikako beste herrialdeentzako bezala, “Tanzaniaren garapena gehiago dagoela loturik mundu mailako ekonomian bere lekua egitearekin, etxe barruko ekonomian zentratzearekin baino”.

Hitz lauz esateko, ahaztu ezazue barneko kontsumoa, industria eta nekazaritza eta esportatu daukazuna, lehengaiak.
Hori meatzaritzan zertan mamitu den esplikatu berri du Khadija Sharife idazle eta irakasleak Tanzania’s pot of gold (Tanzaniaren urre altxorra) artikuluan. The Thinker aldizkari hegoafrikarrak publikatu dio, Pambazuka Newsek handitu diolarik oihartzuna. “Ortzadarraren muturrean irabazi askorik ez zegoen” dio bigarren tituluan, horrela konparazioa eginez ingelesez aipatzen den mitoarekin, hots, urrea dagoela gorderik ortzadarraren ertzean... Topatu ezinezko lekuan, koanto.

45 milioi ontza urre omen datza Tanzaniako zorupean, denetara 39.000 milioi dolar balio behar dutenak. Joan deneko bost urtetan Barrick Gold kanadarraren eta Anglo-Gold Ashanti hegoafrikarraren artean 2.500 milioiko balioko metala esportatu omen dute, eta aldiz bertako gobernuak urteko 22 milioi dolar baino ez du eskuratu, denetara 110 milioi. Multinazionalek mugitzen duten sosaren eta estatuari lagatzen dioten huskeriaren arteko proportziorik eza tamaina horretakoa izan da, hain justu lehengaien prezioa izugarri garestitu den garaian.

Sharifek, desoreka hau esplikatzeko, Tundu Lissu abokatu tanzaniarrak eta Mark Curtis historialari britainiarrak egindako ikerketa batera jo du, non xehatzen baita zein estrategia darabilten korporazioek deus edo ia deus ez pagatzeko.

Urrea nire, zianuroa hire

Urre meatzetan ari diren bi korporazio nagusiek, Barrick Goldek eta Anglo-Gold Ashantik gobernuari pagatzen dioten kasik bakarra tasa arruntei dagokiena da. Aldiz, ogasun publikoarentzako diru sarrera oparoa izan beharko lukeen etekinen gaineko zerga –Tanzanian %30koa– behin ez dute ordaindu. Adituek kalkulatu dute 1999tik 2003a artean 500 milioi dolarretik gora galdu zituela Tanzaniak iruzur horrengatik.

Korporazioek etekinen gaineko zergarik ez dute ordaintzen... etekinak ez baina galerak omen dauzkatelako. Nola liteke, ateratzen duten urre guztiarekin eta urreak gaur egiten duen txistuarekin? Ezin da jakin. Eta ezin omen da jakin korporazioek gobernuarekin sinatuta dauzkatelako konfidentzialitate klausulak, ezinezko egiten dutenak enpresen kontuetan beste inork sudurrik sartzea, ez auditoreek eta ez ogasun publikoak.

Munduko Bankuaren gerizpean eraikitako legediaren arabera, askatasun osoa dute kasik edozertarako atzerriko korporazioek Tanzanian. Bertako enpresen jabe izan daitezke %100ean. Aldiz, gobernuak ezin du horien alorretan enpresa publikorik sortu. Korporazioek nahi adina langile ekarri dezakete atzerritik eta nahi beste diru atera herrialdetik. Gobernuak ez dauka haien diru kontuak kontrolatzeko mekanismorik eta espreski dauka debekatua zerga politikan aldaketarik sartzea.

2004an ausartu ziren agintari tanzaniarrak kontu handiz tasak pittin bat mugitzen saiatzera, eta berehala aurkitu zituzten aurrez aurre meatzarien lobbyak, munduko finantz erakundeen ordezkariekin elkar hartuta. Hori publikoki onartua du garai hartan Dar es Salaamen Industria eta Merkataritza ministroa zen Basil Mrambak.

Esan behar da gobernuak berak uko egiten diola urregile erraldoiekin sinaturik dauzkan tratuak publikatzeari. Multinazionalen indarraren ifrentzua delako bertako politikarien saldukeria. Iturri askok kalkulatu dute Tanzaniako estatuaren aurrekontuaren %20 ustelkeriaren hodietan galtzen dela. Funtzionarioek sarri herrialdearentzako zergak eskuratzen baino berentzako eskupekoa lortzen xahutzen dituzte orduak eta ahalak.

Ororen buru, Khadija Sharifek salatu duenez, “meatzea erauzten gaurko abiadan jarraitzekotan, hau da, urteko 1,6 milioi ontza bost meategi nagusietan (Geita, Tulawaka, North mara, Bulyanhulu eta Buzwangu) espero behar da Tanzaniako urrea 28 urteren buruan agortzea. Horrek eraman du Meategietarako Aholkularia esatera urrearen aferan “konpainiek panga (matxetea) kirtenetik daukatela eta guk aho zorrotzetik”.

Enpresen argudioak alderantzizkoak dira, noski, Barrickeko bozemaileak deklaratu duen moduan: “45 milioi ontza urreri baldin badagokio 39.000 milioi dolarreko altxorra, esan behar da guztia oraindik lurpean datzala. 45 milioi ontza urre harkaitzean, zoruan, deus balio ez dutenak norbaitek aurkitu eta lurrari kendu arte”.

Urrearen sukarrak 550.000 langile mugiarazten ditu gehienak enplegu informalean, beltzean, eta multinazionalek ez dituzte 10.000 baino kontratatu. Ordainetan, harrobietako hondakin mendiak handituz doaz. Ontza bat urre eskuratzeko (28 gramo) 79 tona hondakin. Gehi prozesuan erabiltzen diren merkurioa, beruna, zianuroa eta beste. Zianuro hilgarritik, ontzako bost kilo. Anglo-Gold Ashantik bakarrik 2008an 2.200 tona zianuro.

Munduan urrea garesti dabil asteotan. Tanzanian aspalditik.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude