Itsas azpiko leizeak eta ontziak arakatzeko, zientzialariek 1994. urtean erabili zuten lehen aldiz arrain-robota delakoa. Robot hark metro bateko luzera, sei motor eta 2.000 piezatik gora zituen barnean, eta beraz ez zen harritzekoa zer edo zerk beti matxura izatea.
Ikerketak aurrera egin du, eta azkenik atuna hartu dute eredutzat. Sortutako robotak 30 zentimetro, hamar pieza eta motore bakarra baino ez ditu. Hamar pieza horiek atunen giharrak emulatuz sortu dira, eta funtzionatzeko oso potentzia txikia behar dute, bost watt baino gutxiago alegia. Iraupen aldetik ere izugarri irabazi da, robota estankoa baita. Ez zaio urik sartzen barrura, eta horrela oxidazioa saihesten da.