argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako hedabideak diru-laguntzarik gabe
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2009ko urriaren 14a
Garai batean Nafarroako euskarazko hedabideek 300.000, eta 400.000 euro ere, jaso izan zituzten. Zifrek goitik behera egin dute. 2008an, 240.000 eurokoa izan zen laguntza, 300.000 aurreikusita bazeuden ere. Aurten inor gutxik sinetsi zezakeena prometitu zuen Euskarabideako zuzendari Xabier Azanzak: hasieran esandako 9.567tik 240.000ra igotzea diru-laguntza. Ez bata eta ez bestea. Gobernuak diru-laguntza blokeatu du. Hona Topaguneak bere webgunean idatzitako oharraren zati bat: “Nafarroako Gobernuak bigarren urtez blokeatu du euskarazko hedabideontzako diru-laguntzetarako gordeta zegoen partida. Euskarabideak uztailean agindutako 240.000 euroko diru-partida ezerezean gelditu da, Nafarroako Gobernuaren baitako Institutuak ez duelako deialdia garaiz argitaratu. Ez 240.000 eta ezta 9.567 ere, Euskarabideak egoera zuzendu ezean, Nafarroako gizartearen eskariari erantzunez euskarazko informazioa lantzen dugun hedabideok ez dugu euro bakar bat jasoko aurten”.

Xabier Azanzak ondokoak esan zituen Argiak urtarrilean egindako elkarrizketan: “Iaz krisiaren ondorioz 310.000 euroko aurrekontua 240.000ra jaitsi zen moduan, espero dezagun, lehenbailehen, gai izan gaitezela, 9.000koa 300.000ra igotzeko, edo 150.000ra edo 400.000ra. Baina azkar izan dadila eta azkar banatzeko aukera izan dezagula, hedabideak ez daitezen urte osoan dirurik izango den ala ez jakin gabe egon”