Salazartarren erresuma

  • Bizkaiko mendebaldean, Kantabriarekin mugan, Barbadun ibaiaren haranean, Trianoko mendiek eta Bizkaiko Golkoak gordeta, Muskiz herria dugu. Itsasoak, burdinak eta mugak zizelkatu dituzte herriaren historia eta oraina.  
Behin Somorrostroko Haraneko zatia izan zen kontzeju zahar hau hamar auzunek osatuta dago. Mendeetan zehar Muskiz izan zen bertako hiriburua, eta izen hori du udalak gaur. Kokapen estrategikoa eta burdinari lotutako jarduerak funtsezkoak dira Muskiz ulertzeko. Bataz zein besteaz arduratuko zen Salazar familia, XIII. mendean eraikitako Muñatoizko gaztelutik. Bera da Bizkaiko gaztelu bakarra. Bilbora doan errepidean, findegi ondoan dago barruti biko eta dorre bateko eraikina. Gazteluak, alboko baselizak eta jauregiak osatzen duten multzoa 1944an izendatu zuten monumentu historiko-artistikoa. Egun, jauregiak Petronorreko bulegoak gordetzen ditu eta komenigarria da, hara hurbildu aurretik, gaztelua ikusterik badagoen ziurtatzea. Ez da Muñatoizkoa, baina, salazartarren gotorleku bakarra: Sopuertarako bidean Santelicesko dorretxea dugu izen bereko auzoan. Handik gertu, Memereakoa, eta urrunago, Pobalekoa.

XVIII. mendean izango zuen Muskizek bere urrezko aroa. Borboien eskutik aberastu zen klase burokratiko berria izan zen garai haietako protagonista. Herrian zehar sakabanatuta dauden jauregiak ditugu ongizate haren isla. Aipatzekoak dira, besteak beste, Enterrado, Treto, Alvarado, Villar, Lavalle eta Llarena jauregiak. Familia berberek eraiki zituzten, urte haietan, San Joan Bataiatzaile eta Bariko San Nikolas parrokiak. Herriko eliza zaharrena, ordea, San Julian, Erdi Aroan altxatu zuten, eta XVI. mendean berreraiki. Nabarmentzekoak dira aipatutako eraikinetan ikusgai dauden armarriak.

Pobaleko burdinola

Ugari dira ere mendeetan zehar burdingintzak utzitako aztarnak. Kostaldekoak ezagunak ditugunez (Argia, 2.169. zbkia.), barrurantz abiatuko gara, Pobaleko burdinola ezagutzera. Txangoaren zati honek historia eta natura uztartzeko aukera emango digu. Sopuertarako errepideari eutsiz, hirigunetik kilometro bat eta erdira, 2004an berreraikitako Pobaleko burdinola aurkituko dugu. Bizkaiko zainduena da, eta Eusko Jaurlaritzak multzo monumental izendatua du. Eraikina XVI. mendearen amaieran salazartarrek eraiki bazuten ere, gaur egungo itxura XVII. mendean  Simon de La Cuadrak eginiko lanek eman zioten. Burdinola ez ezik, errota, jauregi-dorretxea –egun erakusketa etxea–, tailerra, labe bi, ukuiluak, presa eta zubia ere ikusgai daude.

Larunbata da Pobal bisitatzeko egun aproposena, eguerdiko hamabietan hogei minutuko iraupena duen erakustaldia hasten baita; Burdinolako tresneria osoa (labea, txinboak, gurpil hidraulikoak) abian ikusteko aukera izango dugu. Irin-errota, berriz, egunero jartzen dute martxan. Pobalen ikasleentzako jarduera osagarriak ere eskura daude: Lehen nahiz Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduriko gida didaktikoak, jolasak  eta bisitaldi gidatuak, hala nola ogia egiten ikasteko tailerrak dira aipatzekoak.

Burdinolatik 150 metrora, iparralderantz, harrizko zubia topatuko dugu. Behin zubia zeharkatuta, haritzen, akazien, sahatsen eta gaztainondoen ondotik, ibaiari segituz, Valdibianeraino doan bidezidorretik joango gara. Bidean XVIII. mendeko Ollako burdinolaren eta errotaren aurrietara iritsiko gara; Sopuerta eta Somorrostro elkartzen zituen errepidetik hurbil dago. Han, ibaitik gertu, Valdibianera eramango gaituen bidea dago: haltzak, lizardiak eta akaziak, Enkarterrietako industria elikatzen duten eukaliptoekin lurra konpartitzen. Bidearen amaieran Barbadun ibaiak bustitako errota bakarra dago, Valdibiangoa.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude