argia.eus
INPRIMATU
Ig Nobel sariak
Joxerra Aizpurua Sarasola 2009ko urriaren 14a
1991. urtean, Harvard Unibertsitatearekin lotura duten hainbat erakundek Ig Nobel sariak sortu zituzten, ikerketa arraroak edo irudimenezkoak, baina zientziaren inguruko interesa piztu dezaketenak saritzeko. Banaketa Harvard Unibertsitateko Sanders teatroan egiten da urtero, eta aurten ere ikerketa bitxiak izan dira saritutakoak.

Purslane, Wendy eta Tina hiru esne-behi dira, eta beraiei buruzko ikerketa garatu duten Peter Rowlinson-ek eta Catherine Douglas-ek jaso dute frogatu gabeko ikerketaren saria; ikerlari horien arabera, behiei ponte-izenekin deituz esne gehiago ematen dute.

Beste sari bat, osasun publikoarena alegia, gas-maskara bihurtzen den titi-zorroaren egileei eman zaie.

Bakearen saria ere bitxia izan da; garagardo botila beteta edo hutsik dagoenean burezurra puskatzeko arriskua aztertzen duena alegia.

Medikuntza saria Donald Unger ikerlari estatubatuarrari eman zaio, hatzen artritisa eta hatzekin kriskitin egiteko maiztasunaren arteko erlazioa aztertzeagatik.