Jazarpenetik, hala moduzko onarpenera

  • 1980ko hamarkada amaieran Gasteizen lehen graffitiak egiten hasi zirenetik, Euskal Herriko hormak museo erraldoi dira. Betidanik mugimendu jazarria izan bada ere, apurka gizartearen eta erakundeen onarpena jasotzen ari da. Horretaz mintzatzeko, hainbat graffitigileren testigantzak gure egin ditugu, eurak baitira eguneroko borroka horretan lanean ari direnak.
Dizebi
DizebiAxier Lopez
Historiaurretik hasita, gizakiok beti izan dugu gune publikoetan idazteko eta marrazkien bitartez gure bizimoduaren berri emateko sena. Santimamiñe edota Ekaingo kobetatik hasi, eta gaur egun Euskal Herrian egiten diren graffitietatik igarota, belaunaldi ugariren testigantzak denok ikusteko moduan daude kobazulo eta kaleetako hormetan. Arbasoen irudiak konplexuago bilakatu dira orain, margotzeko erak ere aldatu diren heinean; spray eta aerosolek pintura arkaikoari lekua kendu die. Dena da diferentea, baina funts nagusiak hor jarraitzen du: gure existentzia ezagutaraztea.

Euskarazko graffitia lehian

Graffitia mugimendu globala da, hizkuntza guztien jabe, ez dauka mintzaira konkreturik. Lekuan lekuko hizkuntza, eta idazle bakoitzaren errealitate linguistikoa gailentzen dira graffiti bat hizkuntza batean edo bestean idazteko unean. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak hein horretan, Euskal Herrian margotzen duten gazteei bideratuta, hizkuntza jarri nahi izan dio graffitiari. Euskara, noski.

Orain dela sei urte sortu zen Spraikada Euskal Herriko graffiti txapelketa bakarra. Topaguneko kideak ohartu ziren kaleak margotzeko joera euskal gizartean sustraitzen ari zela, eta euskal graffitigileentzako lehiaketa antolatzea otu zitzaien. Sonia Perez Anguera Topaguneko gazte saileko arduradunaren hitzetan, “graffitigile euskaldun ugari dago, baina kanpotik ekarritako adierazpidea denez, gaztetxoek askotan ez dituzte graffitia eta euskara erlazionatzen. Gure asmoa, hortaz, graffitigile euskaldunak gaztetxoen eredu bezala jartzea izan zen”.

Txapelketak gazteen artean euskara bultzatzeko balio izan badu ere, graffitiak merezi duen onarpenaren alde ere egin dute lan. Parte-hartzaileek euren zirriborroak aurkezten dituzte lehiaketara, eta behin epaimahaikideen bahetik igarota, finala egiten dute. “Lehenengoz lehiaketa antolatu genuenean, graffitiak egiteko 700 metro karratuko horma lortzea zaila izango zela ikusten genuen, baina orain edizio batekin amaitu orduko, udalak guregana etorri izan dira finala euren herrian egin dadin eskatuz” azaldu du Perez Anguerak. Lehiaketaren pedagogia lana azpimarratu du Spraikadako antolatzaileak, izan ere, finala egin izan den herrietan graffitiarekin lanean jarraitu dute, gazteei margotzeko hormak utziz, graffiti tailerrak antolatuz edo muralak berrituz. “Igarotzen garen lekuan aztarna uzten dugu” ondorioztatu du Perez Anguerak.

Onarpen mugatua

Urtetan mugimendu jazarria izan da graffitia, baina orain onarpena jasotzen ari da gizarte eta erakundeen aldetik. Mugatua, hori bai, graffiti mota batzuk –firmak, trenak margotzea...– “garai batean bezain esetsiak” baitaude Igor Rezola Dizebi graffitigile beasaindarraren hitzetan. Berak ez du aparteko arazorik izan, egiten dituen muralek jende askoren onarpena jaso baitute. Gipuzkoan, Goierri aldean, ezagunak dira dagoeneko Dizebik egiten dituen aurpegiak. Mural horietako bat marrazten ari dela lagundu diogu, eta halako batean aldamenetik igaro den Ertzaintzaren patruila-autoa gelditu da; atea zabaldu, eta “¿Ya estás pintando otra vez? Tienes todo lleno de graffitis, ¿eh? Bien, bien, mientras no sean otras cosas...” esanda alde egin dute. Ezaguna denez, margotzeko ez da ezkutatzen, egun argiz denen begi bistan egiten du lan. “Herri txikietan margotzea errazagoa da, denek baitakite norena den lan bakoitza” dio Garikoitz Arregi Say berriztarrak.

Donostian ordea ez da halakorik gertatzen. “Udalak graffitiarekin ez du tolerantziarik erakusten, eta edozer gauza margotzeagatik 300 eta 3.000 euro arteko isuna jaso dezakezu” azaldu du Iñaki Bocos Old School hip hop dendako arduradunak. Gipuzkoako hiriburuko erdialdean apenas graffitirik ikusten den. Graffitigileek inguruko auzoetara edo herrietara joan behar izaten dute. “Horrek guztiak Donostian mugimendu apalagoa egotea dakar” dio Bocosek.

Gasteizen berriz, diferenteak dira gauzak. Euskal Herriko graffitiaren sehaska da, eta tradizioz, han margotzen da gehien. “Urtetan margotu izan du hemen jendeak, eta gizartean graffiti mugimendua nahiko onartua dago” azaldu du Egoitz Konte Ojodecuervo margolariak. Hori dela eta, “Gasteizen muralak gehiago egiten dira, egun oso batez leku berean margotzeko aukera dagoelako”. Lekuan lekuko errealitatearen arabera, herri edo zonalde bakoitzean graffiti mota diferenteak egiten direla zehaztu du gasteiztarrak: firmak, muralak...
Bizkaia eta Nafarroako hiriburuetan ere graffitiak leku nabarmena dauka. Iruñean, halere, azken denboraldian nekezagoa omen da margotzea Xabi Nesh idazlearen hitzetan, udala zorrotzago jartzen ari baita. Horrek inguruko herrietan gero eta graffiti gehiago egotea ekarri du.

Dena ez da debeku

Graffitiarekin herri bakoitzeko agintariek jarrera ezberdina hartu dute, margotzen dabilena zigortuz batzuetan, eta besteetan, bakean utziz. Baina bi aukera horietatik landa, badira zenbait udal bestelako apustua egiten dutenak: graffitigileak kontratatzea, alegia.

Halakoa da Alex Mosterin Kokakolo leioarraren kasua. 2002 urtean hasi eta 2007 arte, Mungiako Udalaren pentzutan egon zen muralak marrazten. “Hondatutako hormei bestelako itxura emateko asmoarekin kontratatu ninduten. Udalak esaten zidan non margotu eta zein gairi buruz”. Besteen artean Lauaxeta olerkigilearen jaiotzaren mendeurrenean haren omenezko mural bat egin zuen, baita herri kirolen inguruko margoak ere, besteak beste. Baina pertsona bat kaleak margotzeko kontratatzeaz gain, gazte mungiarrengan ere pentsatu zuen udalak: “Ni joan nintzenean, horma zuri batzuk utzi genituen herriko graffitigileek margo zezaten”. Zarpaildutako guneak biziberritzeko asmotan Ermua, Erandio edota Berangon ere halako eskaerak egiten dituzte lantzean behin udalek.

Horrelako ekimenak, edonola ere, ez dira egunero ikusten. Eta muralak egitetik bizi den enpresa? Hori ere ez da ohikoena, baina DKmuralismo bilbotarrak horretan dihardu. San Frantzisko auzoan dauka jatorria enpresak. Zonalde urbano eta degradatuei bizia emateko, formatu handiko muralak egiteko asmoarekin jaio zen. Pentsa litekeenaren aurka, garbi utzi digute ez direla graffitigile talde bat, muralgileak baizik, arte ederretan lizentziatutako profesionalak.

1980ko hamarkadan Bilboko Udalak zarpaildutako zonaldeak biziberritzeko ekimena abiatu zuen, baina ez zuten esperotako emaitzarik lortu. Ondoren sortu zen DKmuralismo, kontratu bidez muralak egiten enpresa aitzindaria. Badak beraiekin egiten du lan, eta aipatu digunez, “zonalde degradatuak muralen bidez konpondu nahi dituzten erakundeek euren ezina azalean uzten dute, eraldaketa erradikalak egiteko gai ez direla erakusten baitute”. Hala ere, lana duten heinean, “inguru triste bati itxura pixka bat eman besterik ez dugu egiten”. Ikustekoak dira talde horren lanak, ez kalitateagatik soilik: hedadura handiak hartzen dituzte; fatxada edo eraikin osoak, sarritan.

Gorakada nabarmena

Graffitia modan dagoen mugimendua denik, inork gutxik ezeztatuko du gaur egun. Edozein herritan topa daiteke eszena bat. Hitz egin dugun graffitigile guztiek onartzen eta azpimarratzen dute hori. Gorakadaren arrazoiez galdetzean ordea, ez dakite erantzuten. “Moda kontu” bezala hartzen du, esaterako, Dizebik. Baina “beste edozein azpikulturatan gertatzen den bezala, sistemak bere egin du graffitia, etekina atera ahal izateko”. Gainera, hala moduzko onarpena jaso duenez, “erakundeen aldetik ikastaroak eta antzeko ekintzak antolatzen hasi dira”. Baina hori guztia kalean graffitiak egiteko borrokatu dutenengatik izan dela azpimarratu du.

Arrazoiak arrazoi, kaleko arte eskaintza honek geroz eta jarraitzaile gehiago dauzka. Mugimendu jazarria izatetik, azken urteetan balantza graffitigileen aldera mugitzen hasi da apurka-apurka, erabateko onarpena izan arteko trantsizioan badago ere. Pausoek bide horretatik jarraituko ahal dute!

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude