Uharte, Artium, Tabakalera...

Xabier Mendiguren Elizegi
Xabier Mendiguren ElizegiDani BLanco
Txiripa historikoek arrisku handi bat dute: errepikatzeko modukoak direla iruditzen zaigula denoi, ohartu gabe hainbat kasualitateren elkartze zorizkoak funtzionatu zuela behin, eta hurrengoan ez dela berdin izango. Horra, adibide bat ematearren, Guggenheim Bilbao museoa: kultur ereduaren aldetik izan daitezkeen desadostasunak alde batera utzita, argi dago ikuspegi ekonomiko hutsetik arrakastatsua izan zela apostua, inork uste zuena baino hobea.

Horrek ekarri du, hain zuzen, errepikatzeko tentaldia, eta hortxe ditugu kultura berez bost axola zaien agintariak arte modernoarekin txora-txora eginda, museo batean sartutako diru-parrasta turistak erakartzeko makina hutsezina bihurtuko delakoan, automatikoki. Jose Luis Bilbao bera dugu esperimentua berriro martxan ipini nahi duen lehena, Urdaibaiko Guggenheimarekin, eta krisialdiak proiektua itzalpean baldin badauka ere, ez dut uste baztertuta izango dutenik, txikizioak txikizio.

Mimesiak indar handia du ordea. Nafarroan, Altzuzako Oteiza museoaren ondoan, arte garaikideko zentro bat eraiki zuten Uharten, ez dakit zehazki noren ekimenez, eta gero udalak zioen berak bakarrik ezin ziola aurre egin horrek zekarren gastuari, eta ea Gobernuak lagunduko zion. Ixteko aukera aipatu zen garai batean, baina oraingoz behintzat zabalik jarraitzen du.

Gasteizen, Komunitateko beste probintziak baino gutxiago ez izateko beren konplexu horrekin, ekin eta ekin jardun zuten arte modernoko museo bat eduki arte (Arte Ederreko beren museo klasiko eta polita nahiko ahazturik bazuten ere). Artium eraiki zuten azkenean, eta programazio interesgarria eduki arren jendez urri egoten da beti. Sarrerarik ez kobratzea erabaki zuten orain dela urte bat edo bi, baina ez dirudi gauzak aldatu direnik. Orain aldi baterako itxiko omen dute, eta itxiera luzerako izan litekeela ere entzuten da han-hemen. Desastrea litzateke, egindako inbertsioa egin ondoren.

Rekalde aretoko istiluak alde batera utziko ditut, espazio faltaz. Eta Tabakalera? Odon Elorzaren obsesio berria (orain ez du San Telmo aipatu ere egiten). Espazio huts bat berez, edozerez bete litekeena, eta kulturaren biziberritzearen sinbolotzat saldu nahi digutena. Gero hondamendia baletor, beste alde batera begiratuko dute erantzuleek, beren arduretatik ihesi, proiektu kultural-espekulaziozko berriei begira beti...

ASTEKARIA
2009ko urriaren 11
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude