Euskara elkarteak azaroan ez ohiko batzarra egingo du. Estatutuak aldatuko dituzte eta euskara elkartearen jarduna eten egingo dute. Bazkideen zerrenda mantendu egingo da, baina ez diete kuota kobratuko eta elkarteak ez du diru-laguntzarik eskatuko. Laixan elkarteak lehen ere jakinarazi zuen etorkizuna kolokan zuela, jende gabeziagatik. Duela bi urte saio bat egin zuten eta lantaldeak antolatu zituzten ekintza zehatzak aurrera atera ahal izateko. Elkarteko arduradunen ustez, saioa ez da ondo atera eta elkarteari jarraipena emateko jendea behar dute. Elkartea geldialdian egongo da, ez da desagertuko, egunen batean erreleboa iritsiko denaren esperantzan.
Irudipena dugu Oñatiko euskara elkartea ez dela zailtasunak dituen elkarte bakarra. Mende laurdena da euskara elkarteak sortzen hasi zirela. Urteak pasa dira, gizartea aldatu da eta euskararen errealitatea ere bai. Zenbait euskara elkarte noraezean ibiltzeko arrazoia bakarra ez da izango: borondatezko lana modan ez egotea, elkarteek betetzen zituzten funtzioak erakundeek bereganatu izana... Bi hitzetan laburbildu ezin den gaiaz Larrun hilabetekaria argitaratu genuen 2008ko ekainean. Nahi izanez gero
www.argia.eus webgunean aurkituko duzu 25
urte eta gero: Norabidea pentsatzeko garaia izenburupean.