K + K = KK

  • Euskarazko errefrauak esan eta izan elkartu nahi lituzkeen arren, zorionez maisu bikainak izan ditugu susmogintzan (Marx, Nietzsche, Freud), eta badakigu izana estaltzeko erabiltzen dela maiz esana.
Esanari men eginez gero, esaterako, ez dago politikaririk, kulturari bere biziko garrantzia aitortzen ez dionik. Estrategikoa izaten da, noski, kulturaren aldeko haien apustua.

Izanari begiratuta, aldiz, oso bestelakoak dira kontuak. Artikulu honen izenburuko formulak horixe islatu nahi du, hain zuzen: Kulturari Krisia gehitzea aski dela kulturaren balio estrategikoa aldarrikatzen duen diskurtsoaren benetako balioaz ohartzeko (berdintzaren eskuinera ageri da goiko formulan).

Usain batetik bestera, krisiarena zabaltzen hasi zenetik adi-adi egon natzaie alde batekoek eta bestekoek krisia garaitzeko egin dituzten proposamenei. Egia esan, ez naute harritu batere, tamalez.

Gipuzkoa biziberritzeko bost egitasmo bultzatuko ditu, esaterako, herrialde horretako Foru Aldundiak: denera, milioi bat euro. Izana esanaren pareko balitz, bost egitasmootatik bat behintzat behar zukeen kulturari lotua (%20, ez dut uste gehiegi eskatzea denik).

Baina ez, kultura ez da aipatu ere egiten bost egitasmo horietan. Esan hau, hura eta beste esaten duten arren, ez dute sinesten kulturak hobeto bizitzeko balio duenik. Bizi kalitatea denean kontua, gauza serioetara jo beharra dago, eta, ahal dela, egitasmoei ingelesezko izena erantsi: Donostiako Metroa, Debagoienako Garraioa (Bus Rapid Transport), Biozientzien ordenatzea, Etorkizuneko Etxea (Living Lab), Osasun alorreko Teknologia Berriak.

Horiek dira, antza, benetan axola duten gauzak, hobeto bizitzen lagunduko digutenak, krisi garaian ere bazterrera ezin utzi direnak. Gipuzkoatik kanpo ere halatsu: Eusko Jaurlaritzak Espainiako Itzulia EAEtik pasa dadin nahi du, eta San Mames berria eraikitzeko ere bada dirurik, horiek kontu estrategikoak baitira, koanto!

Bitartean, kulturaren alorrean ari bazara, dena da murrizketa. Orain ez, orain krisian gaude, eta gutizietarako dirurik ez dago. Esanak esan, lanpernak edo otarrainaren pareko zerbait baizik ez baita kultura: dirua sobera denean primeran dator, bai (eta izugarri luzitzen du), baina dirurik ez denean gabe ere aise pasa daiteke.

Dagoen apurra, kulturaren alde ikus- eta erakusgarria gizentzeko erabiltzen da, aldian aldiko aldietarako: musika, zinema, dantza, jazz... Gainerakoa, ikusgarria ez denez, izoztuta hobe, garai hobeak noiz etorriko.

Kulturaren alorrean jarduteaz gain euskaltzale sona baldin baduzu, sekulako komeriak izango dituzu. Deituko zaituzte ikusgarri ez den egitasmoren batean lan egiteko, eta esango dizute badakizula krisi garaian gaudela eta ulertuko duzula noski kobratu ohi duzuna baino gutxiago kobratuta lan egin beharra. Eta trantze latza pasatuko duzu, nork eta zuk, lotsa baita norberak ez edukita eman litekeen genero bakarretakoa.

Ikerketa-Garapena-Berrikuntza aldarrikatzen dituzte behin eta berriz krisia gainditzeko errezetatzat. Kultura, aldiz, berez hazten den basalandarea dela uste dute, antza. Gauzak horrela, ezer onik ez da izango harik eta kulturak ere bere IGB propioa behar duela ohartu eta onartu arte. Hori gabe, formulak beti emaitza bera emango du.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude