Andoni Mujika
Imajina dezagun aldarrikapen eta beharrizanik gabeko mundua. Zaila, ezta? Ba ahalegindu pentsatzen nazio-gatazkak, erlijio-borrokak, zapalkuntzak, goseak, bortxakeriak, edozein injustizia konponduta dagoela. Uste dut hil egingo ginatekeela. Bestela imajinatu ezer eskaini ezin duzun eszenatoki bat, soberan zaudena, bakarrik. Edo imajinatu beste hau –asuntoari buelta emanda nolabait–: berezko eta barneko dituzun gose tipo guztiak bete ezinik bizi behar duzula, kondena horrekin. Gauza bera da. Horretaz jabetzeko, nahikoa da jakitea “beste zerbaiti edo norbaiti” gure parte bat eskaintzea ere, beste beharrizanak bezalaxe, berezko dugula; estimulu eta helburu dela hori ere. Eta pentsatzen jarrita, eskaintzea zer gertu ikusten dudan borroketatik, ematetik... Eta borrokarako gogoa zer gurea den, babestea edo ihes egitea bezain geurea. Eta batzuk esango duzue borrokak eta borrokak daudela, legitimoak batzuk eta astakeri hutsak beste batzuk. Ba, bai eta ez. Kausaren ebaluazioa egiten duen horren baremo pribatuan ere badago hori, neurri esanguratsu batean behintzat.