argia.eus
INPRIMATU
Gazteen langabezia
Gazteen langabezia
Juan Mari Arregi 2009ko urriaren 06a
Hilabetez hilabete, langabeziaren datu estatistikoen ugalketa ikusten ari gara. Joan den astean Espainiako Estatuko langabeziaren datu orokorrak eman ziren. Euskal Herrian 165.000 lagunetik gora dira jada langabezian daudenak, biztanleria aktiboaren %11,35. Jakina, iraileko datuek abuztukoak gainditu dituzte. Hemendik aurrera espero da okerragoak izatea, Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) berriak aplikatuko baitira.

Gazteen langabeziak sortzen duen errealitate larrian jarri nahi dugu arreta. Eurostat-en datuen arabera, urtebetean, milioi bat gaztek gizendu dituzte langabeziaren zerrendak Europar Batasunean, bost milioiko zifra orokorrera iritsiz. Eurogunean, lanik gabe zeuden gazteen portzentajea %18,4ra iristen zen martxoan; aldiz, langabetuen portzentaje orokorra %8,8koa zen. Euroguneko hamazazpi estatuetan, 25 urtetik beherako gazte langabetuak 3.100.000 ziren, 2008an baino 650.000 gehiago. Espainiako Estatuaren kasuan –Hego Euskal Herriko egoera hor kokatu dezakegu– zifra horiek askoz okerragoak dira: gazteen langabezia %33,6ra igo zen 2009ko lehen hiruhilekoan, langabezia orokorraren %16,5aren aldean. Hau da, lan egiteko baldintzatan zeuden hiru gaztetik batek ez zuen lanik aurkitzen.

Administrazioen zeregina izan behar luke egoera hori sortzen duten arrazoiak aurkitu eta beharrezko neurriak hartzea. Beste neurri batzuen artean, beharrezkoa litzateke hezkuntzaren planifikazio berria, eta gazteak orientatzea etorkizun profesionalera begira, unibertsitateari dagokionean, eta baita baztertuta dagoen lanbide heziketaren arloan ere. Agian, falta dira galdaragile, tornulari, mekaniko, sopletelari, fresatzaile eta harginak... eta agian, unibertsitario gehiegi dago.