argia.eus
INPRIMATU
Euskadiko
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Espainolek ez dute Euskal Herriko euskaldunen Goenkaleko Arralderen berri. Garzonek eta enparauek ez ezagutzea eta mapan begiratuz gepeseari ekin eta lokalizatu duten mendira guardia zibilak igortzea normaltasunaren adierazletzat har genezakeen bezala. Gasteizko kofradeek operazio erridikulo hori ez geldiaraztea grabea dugu, ETB euskalduna ere bere aginpidean daukatela kontutan harturik. Eman dezagun espainol gazte bihurri batzuek, elkartasunezko Korrika bat antolatu dutela eta Asturiasko Mateo doktorearen San Martinen iragartzen dutela Interneten. Euskal Herriko gure urruñar lagunak interesaturik, Euskadiko euskaldunei galdetuko liekete hari buruz luketen berri eman ziezaieten, kotxeaz esanza postatik pasa eta bideko hornidurak prestatu aurretik. Hola ikasiko lukete Antena 3en baino ez dela leku hori existitzen, eta Internet oso baliagarria dela adarjotze kontutan baieztatu. Izan ere, norberaren sakelatik tiratzen hasi aurretik zangoa non eman jakin beharra dago. Nire hurbileko Euskadiko gaztelandian ere nire inkesta ttikia egin dut eta garzontarrak aurkitu ditut ehunetik ehunean. Bat bera ere ezin salbatu. Tokitan daude gure gazte garaiko ahaleginak, kanpotarrak etxekotzeko haiek. Gaitzerdi gu ez bagaituzte kanpotar bihurtzen.