Europako ultraeskuindarren gazi-gozoak

  • Europar Batasunean ultraeskuindarrak eta neofaxistak indartsu dabiltza. Azken hauteskunde Europakoetan handitzen ikusi dira eskuin muturreko populistak, faxistak eta neonaziak, nor bere berezitasunarekin. Ezkerrean galdezka ari dira zergatik den eta haiek nola gelditu.

     

Bi eurodiputatu ultraeskuindar ingeles daude joan den uztaileko hauteskundeetatik, British National Party (BNP) alderdikoak. Jende zuriak baizik afiliatzea onartzen ez duen BNPk aldarrikatzen du arrazaz jatorri britainiar zurikoak ez diren guztiak kanporatu egin behar direla –lege anti-arrazistak desegin eta herritar beltzaranek “beren borondatez” alde egitea sustatuz– Erresuma Batuakberriro 1948an  zeukan arraza garbitasunera iristeko. Hitz horiekin, argi eta garbi.

Eskuin muturraren indartzea Red Pepper aldizkari ezkertiar ingelesak aztertu berri du abuztuko zenbakian. Alde batetik, arrazismoaren eta faxismoaren kontrako mugimenduetan ari diren militante erreferentziazkoak jarri ditu eztabaidan ea zergatik porrot egin duen ultra jendeari bidea mozteko ahaleginek. Bestetik, Red Pepperren Tom Walker-ek Europako ultraeskuindarren ikuspegi panoramikoa eskaini du Europe’s far right rises (Europako eskuin muturra goraka) erreportaje zabalean.

Walker saiatu da esplikatzen Europan non indartu den eskuin muturreko mugimendua, nola eta zergatik. Ezaugarri eta batez ere itxura oso ezberdinak erakusten dituzten mugimenduak ulertzen laguntzeko.

Uztaileko hauteskundeetan Europa osoan portzentaje handiena Holandan egin zuen, Partij voor de Vrijheid (Askatasunaren Alderdia, PV) markarekin: 25 eurodiputatuetatik lau. Geert Wilders buruzagiaren nortasunean erabat zentratua, alderdi egiturarik gabe, faxisten topikoak hausten ditu PVk, adibidez argudiatuz  islamaren kontra dagoela hau emakumeen zanpatzailea delako.

Holandako PV da neonazien klixea gainditu duten mugimendu populisten adibide nabarmena. Ezkerreko mugimendu antifaxistek nekezago egiten diote aurre, militante holandarrek aitortua.

Danimarkako Dansk Folkeparti (Herri Daniarraren Alderdia, DF) antzeko musikarekin ari da emaitza onak lortzen: uztailean botoen %15 eta 2 europarlamentari. Musulmanen kontrakoa, xenofoboa, Danimarkan agintean dagoen eskuinaren politika kutsatzea ere lortu du. Beti ere, komunikabideak trebeziaz erabiliz. Mahomaren komiki famatu haren eskandaloa primeran etorri zitzaion DFeko buruzagi Pia Kjaersgaard-i aldarrikatzeko “hemen ez dagoela zibilizazioen arteko talkarik, zibilizazio bat besterik ez dagoelako: gurea”.

Baina Mendebaldeko populistok arretaz zaintzen badute neofaxistekin ez nahastea, Eki Europakoek ez daukate halako konplexurik. Hungariako Jobbik alderdia da horren etsenplu.

Jobbik Magyarországért Mozgalom-ek (Hungaria Hobe baten aldeko Mugimendua) askoz beldur handiagoa ematen du. “Hungaria hungariarrentzako” leloarekin ijitoen kontrako garbiketa razziak antolatzen ditu. Nabarmenki neonazia da. Magyar Gárda milizia uniformatua darabil kalean. Homosexualak, feministak eta ezkertiarrak erasotzen ditu. Muturra oso sartuta dauka polizian: Jobbiken sindikatuan afiliatuta daude agenteen %10. Horien ordezkari Judit Szimak esan berri ei du hungariarren eta ijitoen arteko gerra zibila gainean dela. Jobbikek botoen %15 bildu zuen uztailean.

Xenofoboen elkar ulertu ezina

Ijitoen kontrako alderdiek emaitza onak lortu dituzte hauteskundeetan Errumanian, Bulgarian eta Eslovakian ere. Berdin Greziako LAOS alderdi antisemita homofoboak. Austrian, berriz, esaten da ahuldu egin direla azken bozketan ultraeskuindarrak, baian Freiheitliche Partei Osterreichs (Askatasunaren Alderdi Austriarra, FPO) ez da jaitsi botoen %13tik. Finlandiako Perussuomalaiset-ek (Egiazko Finlandiarrak) botoen %10 lortu du, agi denean jubilatuen artean sostengu handia bilduz.

Red Pepperren analisian beste atal oso bat betetzen dute Europan ahulaldian dabiltzan ultraeskuindarrek. Italiak honetan oso irudi nahasia eskaintzen du, ziurrenik neofazistak Berlusconiren eta batik bat Lega Norteren indarretan urtu direlako, hauek haien mezuetako asko berenganatuta. Frantzian Le Penek fundatutako Front National ere makal dabil, batzuen ustez antifaxistek eta batik bat ezkertiarrek neurria hartu diotelako.

Belgikan Flandriako eskubi muturrak botoen %23tik 16 egin du gibelka bost urtetan, tartean alderdia xenofobiagatik legez kanpo utzi zutelarik, ondoren Vlaams Belang fundatzeko. Hemen eskuin muturrak lotura handiak atxikitzen ditu independentismo flamandarrarekin, militante, egitura eta baliabide handiak ere bai, eta horregatik diote bertako antifaxistek oso zaila dela mugimendu hura gelditzea.

Gainerakoan, Europar Batasuna osatzen duten 27 herrialdeetatik erdian ez du eskuin muturrak europarlamentaririk erdietsi. Tartean Espainia aipatzen du Red Pepper. En fin, ez da izango Europararlamentari espainiar ultraeskuindarrik joan ez delako, etiketa bereziarekin ez izanik ere.

Europako Parlamentuan, dena dela, ultra guztiok talde parlamentario bakarra osatzerik ez dute lortu, horrela galduz dirua eta bestelako aukera asko. Ez baitira errazak ezkontzen bateko populistak eta besteko faxistak. Denak dira oso nazionalistak, gainera, eta batzuen eta besteen nazionalismoak eta xenofobiak talka egiten dute.

Israelek ere bereizten ditu. Populista ultra batzuk musulmanen etsai izatearen poderioz Israelen alde daude itsu-itsuan, eta faxista klasikoagoak juduen etsai dira fanatismo berdinaz. Elkar ondo ez ulertzeko beste gai bat etorkinena da. “Etorkin gaiztaginez” ari direnean Mendebaldeko ultrak Ekialdeko etorkinez ere aritzen dira, Ekialdekoen haserrerako.

Bestalde, Eki Europako eskuin muturrekoen arazo nagusietako bat hungariarrak dira. Estatu ugarik gutxiengo hungariarrak dauzkate etxe barruan, eta, aldiz, Jobbikek Europa osoko hungariarrak batu nahi lituzke.

Krisi ekonomikoek harrotzeko aukerak eman izan dizkie ultraeskubitarrei historian zehar. XXI. hasierako honetan berdin gerta liteke, herritar askoren etsipenak, politikarien sinesgarritasunik ezak eta alternatibarik ez ikusteak bultzatuta. Aldi berean, sistemako alderdiek ematen diete legitimitatea faxistei joko politikoan gobernatzeko haien beharra dutenean.

“Eskuinmuturraren deiari aurre egin behar zaio –irizten dio Red Pepperreko idazleak– alternatiba sinesgarria eraikiz, ahalmena erakutsiz jendearen lanpostuak, etxeak eta zerbitzuak neoliberalen erasoetatik defenditzeko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europar Batasuna
Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-04-10 | ARGIA
Migratzaileei laguntzeagatik gutxienez 117 pertsona auzitara eraman dituzte Europan 2023an

Pertsona migratzaileak laguntzea kriminalizatzen duten politikak nagusi dira Europar Batasunean, eta hori egiteagatik auzitara eraman dituzten pertsonen kopuruak errekor berria ezarri du 2023an: gutxienez 117.


Eguneraketa berriak daude