argia.eus
INPRIMATU
Eta flogistoa piztu zen
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2009ko urriaren 07a
Georg Ernst Stahl
Georg Ernst Stahl
Berlin, 1703. Georg Ernst Stahl-ek (1659-1734) errekuntza fenomenoa azaltzeko teoria argitaratu zuen Physica Subterranea izenburupean: flogistoa izeneko zerbaiti esker erretzen omen ziren substantziak.

Stahlek garatu eta zabaldu arren, teoria hori J. J. Becher-ek abiatu zuen urte batzuk lehenago, 1669an. Becherren arabera, mineralak hiru lur motez osatuta zeuden eta mota bakoitzak propietate bat zeukan. Terra pinguis izena ipini zion erretzeko propietatea zuen mineralari, alkimian “sufre” esaten zitzaion horri. Becherrek berak “sufre flogistoa” ere esan izan zion –grekeraz “sukoi” esan nahi duen phlogistos hitzetik eratorria–, eta gerora, teoriaren defendatzaile sutsuena zen Stahlen eraginez, flogisto izena gailendu zen.

Stahlen aburuz, metalek eta, oro har, substantzia erregai guztiek flogisto izeneko substantzia zuten, errekuntzaren eraginez sugarretan askatzen zena; flogistoaren mugimenduak beroa eta sua sorrarazten zituen. Metalen kaltzinazioa modu berean azaldu zuen: flogistoa askatzearen ondorioz sortzen zen karea.

Lehenik Molonosov-ek, eta Lavoisier-ek aurrerago, flogistoaren teoriaren akatsak azaleratu zituzten. Besteak beste, metalak kaltzinatzean geratzen zen karea hasierako metala bera baino astunagoa zen. Beraz, flogistoak masa negatiboa eduki behar zuen! Hala ere, Stahlen teoria askoz soilagoa eta ulerterrazagoa zen eta horrek garaiko zientzialari asko erakarri zituen. Joseph Priestley-k, esaterako, gasak aztertu eta “aire flogistikatua” eta “aire ez-flogistikatua” bereizi zituen.

Lavoisier-Molonosoven legea –masaren kontserbazioaren legea– nagusitu zen, ordea. Horrenbestez, 1787an Parisko Zientzia Akademiak gasen eta, oro har, substantzia guztien nomenklatura zehaztea erabaki zuenean, flogistoak ez zuen tokirik izan zerrendan.
Egun badakigu “aire flogistikatua” nitrogeno eta karbono dioxido nahasketa baino ez dela, eta “aire ez-flogistikatua” berriz, oxigenoa, Lavoisierrek asmatutako izena. Lavoisierrek frogatu zuen, halaber, errekuntza oxigenoaren eta beste substantzia baten arteko erreakzioa dela. Hala, flogistoak toki gehiago du bitxikerien historian zientziaren historian baino. Baina Stahli ez zaio sekula egindako ekarpena onartu: flogistoaren teoria egiaztatzeko nahiz ezeztatzeko ondorengoek egindako ikerketak funtsezkoak izan ziren gasak aztertzen hasteko eta kimika modernoaren bidea abiatzeko.