Montpellierreko eztiak

  • Irailaren 15etik 20ra, Okzitaniako Montpellierren ospatu da Apimondiaren 41. biltzarra. Aurtengoaren eslogana izan da L’abeille, sentinelle de l’environnement, Erlea ingurumenaren zaindari, alegia. Gu bi egunez ibili gara Montpellierreko Le Corum zentroan, ostiral eta larunbatez, eta –aurreko edizioak ez ditugula ezagutu aitortuta– bikaina iruditu zaigu. Erlezale berri batzuentzako, dotorea.
Apistoria elkartearen erakustokia
Apistoria elkartearen erakustokiaMacwlem
Apimondian dotoreena, jendea. Klase askotakoa, baina inolaz ez arrunta. Helduak gehienak, ondo zahartutako jende zimela asko, aire librea maite dutenen kolorekoak, erlezain eta erlezaleak, eta tartean irakasle jakintsu despistatuak eta erremedio naturalen fan itxurakoak (esan ote liteke?). Produzitzaile, saltzaile edo kontsumilari izanagatik, halako kidetasun giro bat. Horrela, stand batean erakusten duten trasto xinple baina berezi bati begira zaudela, ondotik hasiko zaizu erlezain okzitaniar hori, saltzaileekin deus ikustekorik ez duena, esplikatzen argizaria urtzeko mekanika dela, lurrinez dabilena, berak etxean baduela eskuz egina, traketsagoa, baina sistema ona dela, ikusi hemen...

Ikusteko, alde batetik zeuden erakustokiak. Batzuk, erletan eta horien produktuetan potentzia diren estatuenak: Argentina, Uruguai, Brasil, Ukraina, Polonia, Txina, Kuba... Beste batzuk, erakundeenak, izan ikerketakoak edo solidaritatezkoak. Asko, produktuen saltzaileak. Beste hainbeste, erlezaintzarako tresneriarenak. Eta frankotiradore bakan batzuk, hala nola Varroari aurre egiteko erlauntzen azpi tutudunak saltzen dituena eta beste zenbait. Eta ez ahaztu etnografiari lotutako atalak: erlauntz zaharren kolekzio zoragarria gela zabal batean, erlategi tradizionalen atlasa egiten duen Apistoriakoak bestean, gizakiaren tamainako eta itxurako (San Anbrosio gure patroia edo beste nornahi irudikatuz) kofoin erraldoiak feriaren kanpoko aldean...

Bestetik, ikusteko eta entzuteko Apimondiak programa zientifiko aberatsa eskaini du. Interesen araberako batzordeka antolatzen baita Apimondia elkartea, hitzaldiak berdin sailkatu dira: erlearen Biologia, erlearen Osasuna, Landaredia eta Polinizazioa, Teknologia eta Kalitatea, erlezaintzaren Ekonomia, erlezaintza Landa Eremuetako Garapenean eta Apiterapia. Atal bakoitzak jakintsuei eskaini dizkie batzuei 20 minutuko hitzaldi bana egiteko aukera eta besteei “poster” gisa komunikazio idatzizkoak uztekoa. Interesa duenak Interneten PDFan ikus ditzake xehetasunak asteazkeneko, osteguneko, ostiraleko eta larunbateko hitzaldienak.

Gu Apiterapiako simposiumak ostiralean eta larunbateko hitzaldietan izan ginen. Horrelakoetan gertatu ohi denez, batzuk gehiago ziren produktua saldu nahi duten enpresen propagandari lotuak eta beste batzuk beroagoak suertatzen ziren jakintsu batek urte luzetako eginahalean aurkitu edo demostratu duena emozioz biltzen zutelako. Denen artetik zer nabarmendu? Onena izango da ospakizunen jauregitik ateratakoan gure artean aipatzen genituenak laburbiltzea:

- Apiterapian indar handia ari dira egiten erleen produktuak ospitaleetan eta oro har medikuntza alopatiko edo “ofizialean” erabili daitezen baldintzak betetzeko. Hitzaldi bat baino gehiago izan zen horretaz: eztiaren, propoliaren eta gainerakoen zertifikazioak, estandarrak, labelak, eta beste.

-Oso nabarmena eztiak zauri larri gaiztotuetan eta infekziorik txarrenetarako (erredurak, diabetesdunenak, kirofanoetan harrapatutakoak...) ospitaleetan daukan onarpen gero eta zabalagoa. Kuban egindako esperientzia klinikoak ezagutzekoak dira, eta erakutsi ziren biltzarrean, baina gainera eztia Britainia Handiko, Kanadako eta AEBetako ospitaleetara ere iritsi da gaur. Euskal Herriko mediku gehienak ez dira oraindik enteratu baina noizbait iritsiko zaie albistea... farmaindustriako bisitadore guapo-guaparen baten maletan, prefosta. -Esklerosi Anizkoitzaren tratamenduan apiterapiarekin munduko leku askotan ari dira. Komunikazio bat baino gehiago izan zen horretaz. Albiste on baten propinarekin: gaitzak eragiten dituen mielina galtzeak (desmielinizazioak) neurri batean atzera bere onera erakar omen daitezkeela.

-Minbizia izan da beste gai nagusietakoa. Erlearen pozoiaren erabilera onkologikoaz gain, harrigarria suertatu zen Nizukami Osamu mediku japoniarraren mintzaldia, zeinak minbizidunak propoliz artatzen baititu. Minbizi gogorrak, pankreakoak eta beste. Gehienak kimioterapia ere hartzen dutenak, baina bakan batzuek anitz sufritu ondoren kimioari uko egin diotenak. Hori bai, propolia kantitate oso handietan darabil Nizukamik: eguneko 10 gramotik gora. Mereziko luke haren hitzaldia eta protokoloa eskuratzea.

-Larruazaleko gaitzak ere oso present egon dira, psoriasia bidenabar, horiekin apiterapiak, propoliak batik bat, emaitza oso onak lortzen dituelako.

Feriako standetan zesuma genbiltzala, Apimondia elkartearekin batera Montpellierrekoa antolatzen zuen UNAF erlezain frantsesen elkartearen erakustokian aurkitu genuen emakume bat aulki gurpildunean. Bere liburu berriaren eskuizkribu fotokopiatua zeukan salgai. Maryse Pioch-Prades deitzen da emakumea eta Esklerosi Anizkoitza dauka. Itaundu genion gaixo kroniko batek beste bati galdetu diezaiokeen konfidantza lotsagabean: “Barkatu baina zu aulkian zaude oraindik....” “Ai, adiskidea –berak– ez nauzu ikusi orain dela urte batzuk, liburuan daukazu dena esplikaturik, egin ditudan terapia guztiak eta lortutako aurrerapenak, dezepzioak ere bai”. Liburuak dio tituluan erleek artatzen dutela Maryse: L’abeille soigne ma Sclérose en plaques.

Berarekin ari garela, munduak horrelako ezustekoak ditu, gizon mexikar bat hurbildu zaio, bi musu, elkar ezagutzen dute aspalditik, ez dakit elkar nola ulertzen duten haien hizkuntzen motzean. Une batez itzulpenak ere egin dizkiegu. Liburua zakuan sartu dugu. Jose Luis Reyes Carrillo da erleak nola usatu erakutsi ziona, liburuan aipatzen du. Bakean utzi ditugu biak, argazkia egiteko keinu zatarrarekin irudi polit hori orbaindu gabe.

Euskaldunak? Azken eguneko azken orduan aurkitu ditugu... hobe, haiek aurkitu gaituzte. Giez-Berri elkarteko bost, gure artean diren erlezain profesional bakanetakoak, Martxel eta Arantxa tartean. Zerbeza edo ardo bana Place de la Comédien, tertulia (erleez, zertaz bestela), barre handiak Martxelen ateraldiekin.

Agur lagunak eta Montpellier hiri eder bizi gazte beroari despedida egitera jalgi gatzaizkio, kalez kale. Ilunabarra da eta ferilekua biltzen ari dira. Mediterraneoko epelean bankuan eserita zozizona, ahuntz gazta, txokolatea eta fruituak. Larunbat arratsaldean azken saioa zuten batzordeetako jendeak orain datoz Corumetik parkean barrena, hitz eta pitz biltzarra eten ezinean, jende-erreka babeldarra. “Bon apetit!”. Piknikatzaileok sinpatikoak bide gara. “Mertzi”. Ondo bizi gintezke Montpellierren, ala?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okzitania
2023-11-06 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Okzitania (I): kantuak eta bertso arinak

Okzitania, Europa modernoaren sorrera garaian, zulo beltz baten gisakoa iruditzen zait. Eta zalantzan izaten naiz ea ez ote garen zulo beltz horretan behera oraindik ere erortzen eta erortzen ari. Joxe Azurmendik duela gutxi argitaratu duen Europa bezain zaharra liburuan atal... [+]


Lehen arkitekturari ez ikusiarena egin zioten

Borniquel (Okzitania), duela 176.000 urte. Kobazulo batean, 336 metro sakon, neandertalek eraztun formako egitura bikoitza egin zuten estalagmitak baliatuz. Milaka urte horietan guztietan egitura ezkutuan egon zen, 1990ean aurkitu zuten arte. Eta, ondoren, beste 24 urtez,... [+]


Suteak landetan
Gizakiak eraldatutako ekosistema bat, berotze globalaren atakan

Aunitz euskal herritarrentzat, oporretara joateko tokia dira Gaskoiniako Landak (Okzitania). Duna luzez osatutako hondartzak, pinudi amaigabeak barnealderantz, eta herriak baino kanping gehiago ia. Hegoaldean Aturriko itsasadarrak markatzen du Lapurdirekiko muga. Iparralderantz... [+]


2022-08-18 | Peru Iparragirre
Pirinioetako basoak ustiatu nahi zituen zerrategi industriala ez dute eraikiko

Lannemezanen (Okzitania) eraikitzekoa zen zerrategi erraldoiaren proiektua bertan behera utzi du Florian italiar multinazionalak. Urtean 1.200 futbol-zelai adina pagadi moztu asmo zuten.


Eguneraketa berriak daude