argia.eus
INPRIMATU
Afganistan
Pako Sudupe 2009ko urriaren 11
Pako Sudupe
Pako SudupeDani Blanco
Zer egiten dute AEBetako eta NATOko soldaduek han? Erasoa jo eta talibanen aurkako gerra irabazteko ez bada, alde egin dezatela, beren buruak arriskuan jarri gabe.

Gisa honetako galdera eta erantzunak dabiltza soldaduak han dituzten estatuetako iritzi publikoan, eta Espainian, Afganistanera soldadu gehiago bidaltzekotan denez gero gobernua. Hura soldaduentzat tranpa bat bide da, suizida taliban zulo bat, edozein momentutan hanka-beso edo bizirik gabe gelditzeko lekua. Defenditu bai baina erasotzeko ez omen dute baimenik. Orduan Espainiako Gobernuak hara soldaduak elbarri edo hil-kutxan ekartzeko bidali behar ditu?

Euskaldun gisa zer axola digu? Ez al dugu Espainiako armada Konstituzio sakratuaren aginduz nazioa zatiezin atxikitzeko indarrik bortitzena eta beraz etsaiena? Entzuten dut, baina, mundutik at al gaude, eta espainiarretatik urrun?

Espainiako agintari militarren arabera, Afganistango Gobernuari lagundu behar zaio talibanen aurkako borroka irabazten, eta horretarako NATOko tropek orain arte bezala jarraitu behar dute. Bestela esan, AEB eta aliatuei interesatzen zaie Karzairen gobernua indartzea talibanak suntsitzeko, eta ez Irakeko bezalako gerra bat, Vietnam dakarrena gogora.

Zertan dira gerra gogorren pairatzen duten afganistandar errukarriak? Telebista espainiar bateko erreportajearen arabera, zerbaiterako behartzen direnean, nahiago dute talibanengana jo atzerritar soldaduengana baino. Nahiago dituzte bertako taliban nolabaitekoak arma sofistikatuz hornituriko atzerritar soldadu hala-holakoak baino.

Denok dakigu AEB eta sateliteon interes nagusia ekonomikoa dela, ez afganistandarrak askeago eta izandunago egitea. Nazioarteko harremanak bestelakoak balira, justizian oinarrituak eta ez botere ekonomiko eta militarrean! Gauzak egun diren bezala, tropa gehiago bidali ez baizik atera egin behar dira handik, hartara ez da soldadurik elbarri edo hilik gertatuko, eta afganistandar errukarriek irabazi egingo dute.

Eta gure interes ekonomiko eta geoestrategikoak? Noren interes ekonomiko eta geoestrategikoak? Antimilitarismoak zenbat arrazoi duen, eta zein eragin gutxi. Soldaduak hiltzeko eta elbarritzeko eta hil ditzaten eta elbarritu ditzaten dira han, eta nonahi. Eta afganistandar arruntek zortzi urte luze daramatzate taliban eta nazioarteko tropen erasopean harrapatuak.