Nafarroako ikastolak

Kike Diez de Ulturrun Sagalá
Josu Santesteban
Laster 40 urte beteko dituzte Etxarri Aranazko eta Altsasuko ikastolek, baita San Fermin eta Paz de Ziganda ikastolek ere, azken biak bost urte lehenago, 1965ean, hiriburuko Alde Zaharrean gerra ondoren sortutako lehen ikastolaren oinordeko. Gerra aurreko ikastolak, jakina, bidean gelditu ziren, 1936ko altxamenduak odolez eragotzita.

1965eko hartan, berriz, dozena erdi haurrekin abiatu eta, gaur egun, milaka dira haur hezkuntzatik unibertsitatera iritsi artean nafar ikastoletan ari diren ikasleak. Ez da bide samurra gertatu, latza, oso latza baizik; baina argi erran daiteke gazi-gozoen artean, gozotik aunitzez ere gehiago izan duela gazitik baino; emaitza, lekuko.

Zalantzarik gabe, guraso, irakasle eta ikasleen ahaleginari zor zaio ikastolen mugimendua horrenbeste hazi eta nafar administrazioak nahiz legeek bidean paraturiko oztopoak gainditu izana. Hortaz, nafar ikastolak gobernatu eta gobernatzen dituzten gizon-emakumeek eskarmentu handia dute, bide gogorrean zaildutakoak dira; badakite zer egin legeak uzten duen zirrikitu meharra zabaltzeko, bai eta Nafarroako agintarien pentsamolde hertsiaren gainetik jokatzeko ere, eta inork baino hobeki ezagutzen dute hemengo egoera. Astia dute, gainera, euskararen inguruko ekimenetan parte hartzeko, euskalgintzan ari diren gainerako erakundeekin elkarlanean, eta ez dira gutxi izan gero haiek berek antolatutakoak: ETB hartzeko antenarena, adibidez, orain dela 25 urte inguru. Beraz, ez dute legea alde, ezta agintariak ere, eta maiz, kanpaina iraingarrien jomuga izan dira. Horra hor, konparazio batera, Diario de Navarra egunkariak abiarazitako azkena: nafar ikastoletan erabilitako ikasliburuetan ez dela Nafarroak egun duen egitura instituzionala errespetatzen eta Euskal Herria hartzen dutela kontuan: ondorioak ikuskizun daude. Baina ateka horretatik ere aterako dira, aurretik ere aitzinera jotzeko gauza izan diren bezala; hori bai, Mendebaldetik jotzen duen haize zakarrak hankaz gora uzten ez baditu, behintzat.

Izan ere, orain arte, gainerako herrialdeetako ikastolek nafar ikastolekin batera jokatu dute, nafarren erabakimena errespetatu dute; erabakiak guztien arteko adostasunez hartu dira eta, orain, bat-batean, gainerako ikastolek gehiengo-gutxiengo dinamikan oinarrituriko bozketa ezarri dute, auskalo zer asmorekin.

Nafar ikastolen marko naturala Euskal Herria da, europar kooperatiba berriaren baitan, jakina; horretan ez dago zalantza izpirik, baina arazo bat sortu da barne antolaketari dagokionez, oraindik konpondu gabe dagoena. Ildo horretan, gogoratu beharra dago zeinen ondorio txarrak izan dituen Nafarroarentzat Euskal Herriko lurraldeen artean desberdintasunik egonen ez balitz bezala jokatzeak; hamaika aldiz errana da Euskal Autonomia Erkidegorako balio duen estrategia Nafarroarako kaltegarria izan daitekeela. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den azken mende laurden honetan politikan eta beste zenbait arlotan, Mendebaldeak Euskal Herri osorako ikuspegi bakarra ezarri nahi izan duenean.

Guri gustatu ala ez, EAEko egoera eta Nafarroakoa ezberdinak dira, arras, eta Nafarroako errealitatea kontuan hartzen ez duen politika orok erreka joko du. Espero dezagun Mendebaldeko ikastoletako arduradunak horretaz ohartzea.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude