"Errealitatea ez da existitzen, guk sortzen dugu"

  • Sortuko al ziren kirol psikologoak eliteko kirola erokeria hutsa ez balitz?
Joshe Abando
Joshe AbandoDani Blanco

Prestatu liteke norbere burua E eguneko O orenean errendimendu gorena lortzeko?



Guk etengabeko entrenamendu psikologikoaren ideia lantzen dugu. Kirol-talde edo kirolari bat fisikoki, teknikoki edo taktikoki prestatzen den bezala prestatu behar da mentalki, eta horretarako, ez dago entrenamendua besterik. Hori bai, burua lantzeko ez da nahikoa ariketak behin eta berriz errepikatzea, egiten ari zarenarekin arras konbentzituta egon behar duzu, burua ez baita gorputza. Prestatzaile fisikoak agindutakoa ez baduzu zehazki betetzen, agian ez duzu lortuko nahi besteko estimulurik, baina efektu bat egongo da. Maila psikologikoan ez. Guk konbentzimendurik gabe jai daukagu, eta derrigortuta gaude gure lanari ekin aurretik kirolariaren konfiantza irabaztera.

Tommy Lasorda beisbol jokalari ohi ospetsuak esana: “Determinazioa da posible diren gauzen eta ezinezkoak direnen arteko aldea”.



Eslogan guztien gisan, badago exajerazio puntu bat, baina egoerak bisualizatzeko tenorean asko balio duen esaldia da. Amerikako Estatu Batuetako armadako lema batek posible diren gauzak egun bakarrean eta ezinezkoak bitan egiten dituztela dio. Zer da ezinezkoa? Oraintsu arte ezinezkotzat jotzen genituen zenbat gauza egin ditugu?

Helburuak lortzeko perspektiban ezinezkoaren bila joanzalea naiz, ezinezkoa eta perfekzioa nahastu gabe beti ere. Ilargiraino joan nahi eta herri irteerako gasolinerara baizik heltzen ez bazara ere, egindako bidea da garrantzitsua. Ilargirako asmoz abiatu ezean agian ez zinen plazara ere arribatuko. Buru-lanean ez dago gorakada mailakaturik, hori estatistikako grafikoen kontua da, gurean dena da gora eta behera, dena erori eta zutitu. Hori kudeatzeko gakoa da determinazioa.

Baina ilargia herri irteerako gasolineran dagoela pentsatu dezake batek. Edo gasolinera dagoela ilargian...



Espektatiba eta eskaera nahiko irreal eta antzuekin topo egiten dugu sarri. Desiratutako emaitzak psikologoa lanean hasten den unean bertan azaldu behar direla dirudi, baina hori ezinezkoa da. Onerako eta txarrerako, taldeko teknikari bat gehiago gara, eta gure eragina ez da %25a baino gehiago. Hori gutxi balitz, emaitza bat talentu fisiko edo taktikoak baldintzatzen duen bezala, gure lana kirolari bakoitzaren talentu psikologikoak mugatzen du. Hori aintzat hartuta soilik landu daitezke norbere buruaren eta bizi beharreko egoeren ezagutza eta kontzientzia. Hortik dator kirol errendimendua hobetzeko aukera. Zure grina eta antsien arabera heltzen zara egoera bat desafio edo mehatxu bezala antzematera.

Jose Paterno futbol amerikarreko entrenatzaileak: “Irabazteko borondatea garrantzitsua da, baina prestatzekoa hil ala bizikoa”.



Jakina, denek esango dizute irabazi nahi dutela, baina prestatu... Helburu bat izatea ez da aski helburu hori lortzeko. Esna amestea gauza bat da, baina ametsa inoiz betetzekotan, babak bota beharko dituzu eltzera. Zergatik uste duzu Miguel Indurainek egun euritsu eta hotzetan entrenatzeak balio bikoitza zuela zioela? Bera eguraldiak eguraldi topera entrenatzen zelako eta bere kontrario asko ez.

Zer da presioa?


Karga emozional eta kognitiboa, besterik ez. Horregatik, egoera beraren aurrean, bi taldekidek oso modu ezberdinean erreakzionatu dezakete. Batentzat presioa gaindi ezinezko hormatzarra izan daiteke, eta bestearentzat motorra. Batek dena egingo du presio hori uxatzeko, eta besteak dena presio hori erakartzeko. Gaur egungo goi-mailako kirolean badago inguruak erantsitako presio dosi handi bat, baina hori bezain handia izan liteke norberak norbere buruari ezartzen diona. Hori hala, kimera bat da presiorik gabe jokatu nahi izatea. Nik beti esaten dut kontua ez dela lehiatu aurretik sabeleko tximeletarik ez izatea, tximeleta horiek gudalostean jartzea baizik. Emaitza probetxugarriak eskuratzekotan, egoeraz, eta beraz presioaz, ahal bezain kontziente izan behar duzu.

Kontziente zara eliteko kirolean emaitzek agintzen dutela eta ez dagoela esperimentutarako astirik?



Psikologo bezala oso garbi daukat lehia lehia dela, irabaztea ezinbestekoa, baina emaitzak errendimendu baten ondorio direla sinetsita nago. Futbolaz hastean maiz eztabaidatzen da gaizki jokatuta irabazi ala ondo jokatuta galtzearen artean zer den hobea. Niretzat munduko eztabaida antzu eta absurduena da. Geroz eta konbentzituago nago maila orotako helburuak betetzen joan ahala heltzen direla emaitzak. Larritasuna hor dago, baina norbere antsiak emaitzetan itsu proiektatzeak ez dizu inoiz lehenago lortuko dituzunik bermatuko.

Baina gizakia ez omen da nahasten gertatzen diren gauzekin, gertatzen diren gauza horietaz duen pertzepzioarekin baizik.


Errealitate objektiboa errealitate subjektiboak jaten du ia beti. Demagun gure aurrean lurrikara bat gertatzen dela. Baliteke zu denen laguntzera joatea, eta ni banku azpian ezkutatzea. Errealitate ojektibo berbera bizi arren, gure errealitate subjektiboek ez daukate zerikusirik. Horregatik diot errealitatea ez dela existitzen, guk sortzen dugula.

Errealitate subjektiboetan subjektiboena kirol izar mediatikoena da. Burbuila batean bizi direla dirudi.



Real Unionen, gure buruari zer motatako jokalariak nahi ditugun galdetzen diogunean, denok daukagu garbi jokalari autokontzienteak nahi ditugula. Hori erabakirik, entrenatzailea behartuta dago prozesu parte-hartzaileak ezartzera eta bakoitzaren iritzia aintzat hartzera. Horrek zer onura duen? Jokalariak erabakiak hartzen ohitzen direla, eta zelaian askoz helduagoak direla edozein joko-egoeraren aurrean. Izar mediatikoen kasuan aldiz, dena dago pentsatuta euren bizimodua errazteko, baina ez nago konbentzituta parte-hartzea errazten zaienik eta erabakitzeko ahalmenak garatzeko tresna eta paradak eskaintzen zaizkienik.

Izar mediatikoez ari garela, Lance Amstrong txirrindulariak esana da berak ez daukala egun txarrik, egun on eta egun handiak baino ez dauzkala.


Prestatzaile orok nahi du Amstrong bezalako atleta bat bere aginduetara. Zergatik? Fidatzekoa delako. Zerotik hamarrerako eskalan, hamarreko errendimendua ematen du egun onetan, eta eskasetan seikoa. Ez da inoiz batez bestekotik beherako errendimendu batera jaisten. Gerta liteke egun onik ez izatea, gaizki lo egin duelako, alaba gaixo daukalako, bezperako afariak kalte egin diolako, edo auskalo zergatik, baina horri aurre egiteko sekulako baliabide psikologikoak ditu. Hankek pedalei behar bezala eragiten ez dietenean, batzuk behera egiten dute. Amstrongek ez. Betaurrekoak jantziko ditu, besteak engainatzen saiatuko da, eta sufrituko du.

Mohamed Ali boxeolariaren dizipulua izango da horretan. Garrantzitsuena nekatuta egon ostean egin daitekeena zela zioen pantera beltzak.


Ez da kasualitatea futbol partidetan azken ordu laurdenean sartzea golik gehienak. Badago osagarri taktiko bat, tentsioaren kudeaketa geroz eta nekezago bat, baina batez ere nekeak mailatzen du atleta. Nekatzean ordea, batzuk geratu egiten dira, eta beste batzuek segi egiten dute. Bernard Hinault-ek bakarrik ihes eginda zihoan batean porru eginda zihoala aitortu zion bere zuzendariari, eta azken honek, “zu hala bazaude pentsa nola egongo diren besteak!” eman zion arrapostu. Horixe da dena, nekearen kudeaketa psikologikoa.

Ikasi liteke sufritzen, beraz.



Sufrimendua haize-kontrako egoera bat baino ez da. Nola egiten zaion aurre? Muinean autokonfiantza dago. Nik kirolari guztiei galdetzen diet autokonfiantza norberak aukeratu dezakeenentz, eta ia denek ezetz erantzuten didaten arren, nik baietz uste dut. Horrek ez du esan nahi aukeratzeagatik soilik lortuko duzula, baina autokonfiantza izatea hautatu baduzu, determinazioa eta motibazioa atzemango dituzu. Esaterako, txirrindularitzan, mendian gora norberak erabakitzen du noiz uzten dion sufritzeari, eta esfortzua indarren ahitzeak soilik mugatu behar du, ez buruak.

Zer da garrantzitsuagoa kirolari batentzat, arrakastarako ala porroterako prestatzea?


Buru-indarretik begiratuta badaude arrakastara bideratutako eta porrotera zuzendutako kirolariak. Baina arrakastarantz begiratzea dagokio goi-mailako kirolari bati, hola soilik hartu liteke lehia bakoitza desafiotzat eta ez mehatxutzat. Horrek ez du esan nahi kirolean, bizitzako beste arlo askotan legez, frakasoa existitzen ez denik. Zer da porrota, emaitza ala emaitzara eraman zaituen prozesua bera? Prozesua egokia izan denean eta bakoitzak eman zezakeena eman duenean, nik ez dut frakasorik ikusten, bilatutako emaitza ez erdietsi arren.

Eliteko arrakastara bidean, alta, gehien-gehienak dira bidean geratzen direnak. Horietaz ez du inork ezer esaten. Zer da, halabeharra?



Hori gaztetxo bakoitzak zein bere inguruak oso presente eduki beharreko egitatea da. Hori hala, ezin dituzu bakoitzari sortzen zaizkion ilusio eta espektatibak ekidin. Lezaman inkesta bat egin genuen jubenilen aita eta amei bereizita galdetuz. Euren semeekiko zituzten espektatibez galdetzen genien eta gehienek Athleticekin lehen mailan jokatuko zutela uste zuten, eta amek aitek baino dezente gehiago. Alde batetik ona da itxaropen sutsu hori edukitzea, esfortzuan eta animoan ez etsitzen laguntzen dizulako, baina zure kontra ere bihur daiteke. Tenisean, zenbat guraso ikusi ditugun dena uzten, euren zortzi urteko seme edo alaba diamante bat zela pentsatuta, eta hortik aberastuko zirela sinetsita. Horrek eragiten duen presioa onartezina zait. Pertsonekin ari garela ahanzten dugu, ala?

Pertsonak bere garapena behar du, eta garatzeko ilusioa ezinbestekoa da, baina orainarekin ilusionatu behar da, ez geroarekin. Garapen horretan, premiazkoak dira ikasketak eta balore heziketak. Horiek jaso dituena ez da galduko, goi-mailako kirolera heldu ez arren.

Ez dakit baina eguneroko bizitza ere ez ote den goi-mailako kirolaren parametroetara gehiegi hurbiltzen ari.



Egia da geroz eta sistema lehiakorragoetara makurtzen gaituztela, baina lehia aipatzen dudanean ez naiz gizarte kapitalista honetako ereduaz ari. Ez dut uste helburua lortzeko denak balio duenik, ez dut uste han edo hemen lortu dugun azken emaitza garenik. Nire ustez, psikologiak zoriontasunaren bidean bakoitzari ahalik eta modu egokienean aurrera egiten lagundu behar dio, baina ezer ez da doan, eta zoriontsu izan nahi baduzu gogotik egin beharko duzu lan. Bakoitzak ikusi behar du esfortzu hori inbertsio ala gastu bat den. Nik garbi daukat.
Nortasun agiria
Bilbon sortu zen 1957ko apirilaren 5ean. Deustuko unibertsitatean psikologian lizentziatua, kirol psikologia du betiko ogibide. Athleticeko psikologia zerbitzuen buru izana, Real Union taldeko eta beste hainbat kirolariren psikologoa da gaur egun. Horretaz gain, errendimendua hobetzeko Konsultin enpresaren sortzaile eta langilea da, eta ikastaroak ematen ditu han eta hemen.
Patuaren egia
OFF THE RECORD
Patuak ez du gezurrik esaten. Errukietxeko jardinetan geratu ginen psikologoarekin. Grabagailua piztu orduko jarri zen martxan ureztatze sistema eta grabagailua itzaltzean bukatu zuen lana. Boteretsua sentitu nintzen. Oso boteretsua, bankutik altxa eta urak blaitu ninduen arte. Nire errua da, patuaren egiei kasurik egin ez, eta psikologoarekin errukietxean geratzeagatik.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude