argia.eus
INPRIMATU
Joseba Barandiaran
“Ondoen beti aberatsenak dabiltza”
Aritz Galarraga 2009ko urriaren 04a
Joseba Barandiaran
Joseba BarandiaranIñigo Azkona
Krisia denon ahotan dabilen honetan, krisiari hitzak jartzen saiatzen da bera.

Joseba, krisia ez dudala nabaritzen esaten badizut?


Ezta onerako ere?

Onerako? Ez dut nabaritzen lehen bezain larri iristen naizelako hilabete bukaerara…


A, tira, orduan ez zara hain berezia.

Ufa, eskerrik asko, larritzen hasia nintzen dagoeneko…


Zehazki noiztik eta zehazki zergatik larritzen den benetan dakiena ongi dabil. Krisiak beti egon ohi dira hor, bizikleta zaharrak bezala, bueltaxka baterako nork noiz hartuko. Hortik aurrerakoa pedalei eragitea baino ez da.

Jendeak eragiten dio; mingainari, esan nahi dut.


Igogailurako, eguraldiari konpetentzia egiteko moduko gaia duzu orain. “Krisi latza doa hau, e? Azoreetatik hona ez du atertu! Hau bai zikloia!”.

Ondo dabilen beste bat gure bizilaguna da, hirugarren autoa erosi berri du.


Ondo ibiltzea zeri esaten zaion. Behobia-Donostia egiteko hanka onak nahiago nik. Gipuzkoarren %1ek baino gehiagok egiten du Behobia, pentsa! Ai, hankentzat Plan Renove modukorik balitz...

Etengabe aipatzen zidan krisi garaiak aukera garaiak direla. Eta nik kasu egin ez.


Txinatarrek ere hala esaten dute. Krisia=arriskua+aukera. Eta txinatarrak asko dira; zerbait jakinen dute...

Ekonomia pattal dabilenean, ekonomiaz dakitenak ibiliko dira ondoen, ezta?


Ez ba. Ondoen beti aberatsenak dabiltza. Eta aberatsa ez da asko duena, gutxi behar duena baino. Zuk zenbat petrolio upel xahutzen dituzu urtean?

Nik? Auto berriak beste. Lagunak, behintzat, ugarituko zitzaizkizun azkenaldion...


Norberak duen lagun kopurua egonkorragoa da ekonomia baino: zenbaki osoa, positiboa edo zero, txikia eta gorabehera gutxikoa.

Aizu, bakarrik gaudela profitatuz: aholkuren bat krisia gainditzeko?


Aholkuen zain egon gabe, lehenik eta behin norberaren krisia zertan datzan ulertu behar.

Hain erraz igartzen al zait? Nire krisiak ez du zerikusirik ekonomiarekin, emaztearekin baizik.


Lasai horregatik: emaztearekin zernahi krisi izateak, krisi ekonomiko latza eragin ohi du familia gehienetan.

Irratian entzuten zaitugu, prentsan irakurri; zuk, behintzat, negozioa egiten duzu ditxosozko krisiarekin!


Rock and rollak ez dakit dirurik emanen zuen, baina euskal irrati eta prentsak...

Ekonomiaz aritzen zara, euskaraz. Eta onena: ulertu egiten zaizu!


“Esan dizudana ulertu duzula uste baduzu, ez dut ongi adierazi esan nahi nizuna”. Alan Greenspan-ek dixit (kazetari bati, noski).