Zer nahiko zenukete lortu zuen “hegazkadekin”?
Abestiak entzutean oroitzapenen bat burura ekarri, zerbaiten inguruan gogoeta egin, amets egitera ausartu... Hartzailaren belarrietan eta buruan “zerbait” hori sortu nahi dugu.
“Jaiotzeraino hil”?
Bai, bizitza hala da, bi muturren arteko talka, norgehiagoka. Jaio egiten gara hiltzeko, eta hil berriro jaiotzeko. Gure taldeak ere hiltze prozesu moduko bat jasan du, berriro ere indarberrituta jaiotzeko.
Melodiak gauza txikia eta xumea izan behar du?
Entzuteko erraztasuna izan behar du. Jendearengana iristea du helburu musikak, entzulearengan zerbait sorrarazi, sentimendu bat askatu... Eta melodiak, gurean, bere xume eta txikitasunean, berebiziko pisua du.
Harrizko gau luzea. Zer pasa zen Danbakako finalaren ostean, hainbeste denbora isilpean egoteko?
Finalera iristeak taldeari bultzada nabarmena eman zion, Malenkonia jendearen belarrietara iritsi eta kontzertu batzuk lortu genituen. Hala ere, lehiaketa amaitu zenetik gure nahia estudioan sartu eta iraupen luzeko lan bat egitea zen. Lana konstante egin dugu, kanta zaharrak hobetu, eta berriak konposatu.
Zuen kasuan erredundantzia dirudi, baina abestiek beti dute malenkonia kutsua. Helburu hori daukazue?
Ez da helburua, baina gure berezitasun bat delakoan gaude, gustatzen zaigun musika, eta egiten saiatzen garenaren ezaugarrietako bat da, nortasuna ematen dio. Lehen malenkoniatsuagoak ziren, orain kantek alaiagoak dirudite, baina badira nostalgiari eta tristurari abesten dizkiegunak ere.
“Begiradak ere dira harrizkoak”. Oñatin eta Debagoienean, pop-rocka egiten duen ia talde bakarra zarete.
Bai, eta ez dakigu zergatik, nahiz eta talde askorekin ondo konpondu. Antzeko musika egiten duten talde gehiago egotea nahiko genuke, baina musikari bakoitzak bihotzak edo buruak dion lekura jotzen du.