Zerebro zatiak

  • Xabi Borda ::Gulliverren lokarriak

    Elkar

    orrialdeak ::74

    prezioa ::12€

Gulliverren lokarriak
Gulliverren lokarriak
Xabi Bordak Birika zatiak (Susa, 2004) poemategiarekin zur eta lur utzi gintuen. Desolazioari kantatzeko modu eder bat izan zen hura, eta kritiketan genioen “liburu erdi-existentzial bat” zela, eta hustasun hura ikusita, lur erre haren ostean, ez genekiela idatziko ote zuen azpeitiarrak bigarren poema liburu bat, eta hirugarren bat. Iruditu zitzaigun esanda utzi zuela dena, eta ez zuela diskurtso hark ezer berririk ekarriko. Ekibokatu egin ginen, ordea, eta ez genuke nahi oraingoan arinkeriaz aztertu liburu hau. Badauka zerbait idazle honek, eta behar bada poesiaren suizidio hura beharrezkoa izan zen, gainditu egin duelako: hemen dira berriro Bordaren ausardia, etorria eta jarioa, nihilismoarekin nahastu genituen haiek beraiek.

Erritmoa eta musika ateratzen dizkie hizkuntzaren instrumentuei Bordak. Kontzertua ez da gogorra egiten, ostera. Xabi Bordari entzun egiten zaio errezitatzen edo are, idazten. Lumak irrist egiten dio suabeki paperaren gainean. Beharbada izango da poesiaz haraindi ez doalako, bizitzaren alde honi buruz idazten duelako, modu poetikoan. Liburu artatsua idatzi du dena dela, sano egiazkoa. Sinplea. Eta hori oso zaila da lortzen.

Haur literaturaren ikonoan inspiratutako titulua gora-behera, lurraren muga urrunetara baino, poesiaren txundimenaren mugetara egindako bidaia da Gulliverren lokarriak. Biziak dira kordel horiek, eta arimara josirik ditugun hariak dira askotan. Min ematen dute hariok, baina plazer leun bat ere senti dezakegu heriotza, tristezia, gaixotasuna, depresioa… behatzen ditugunean gure neurriko erraldoi baten begietatik. Gizakiok baino hamabi bider handiagoak dira liburuan ageri diren gaiak, eta hala eta guztiz ere arintasun txundigarriarekin tratatzen ditu idazleak. Egoki datorkion hitza hautatuz, estridentziarik gabe eta eleganteki doa ur sakon horietan igeri. Swiften obran bezala, Bordaren poesian ere irakurri ahala joango zara, irakurle, forma emanez dauzkan mila interpretazioei. Baina bidaia lasaitasun sakon batekin egingo duzu.

Itzuli da beraz azpeitiarra bere estilo propioarekin. Gauza guztiz desberdin bat dakar, baina igartzen da berarena dela. Idazketaren emaitza harrigarri horietako bat da Gulliverren lokarriak: atsegingarri bihurtzen ditu saminak eta ironiak, ez dio ematen garrantzi gehiegi ezeri, baina artea eta maitasuna senti daitezke poemarik poema.

Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude