argia.eus
INPRIMATU
Etxean otso
Gotzon Barandiaran Arteaga @gotzonbarandi 2009ko urriaren 04a
Gotzon Barandiaran
Gotzon BarandiaranIñigo Azkona
Etxean otso eta kanpoan uso denari gaitz iritzi dio euskal tradizioak, bai, baina ez kanpoan uso izateagatik etxean otso izateagatik baino. Etxekoak egurtzen dituenari, etxean lanik egiten ez duenari, etxekoekin orroka aritzen denari, etxekoen esanei entzungor izaten denari, etxekoei gogor egiten dienari egokitu izan zaio kanpoan uso, etxean otso. Etxekoartekoekin krudeltasun osoz jokatu ahala kanpokoekin eztia baino gozoagoa denari. Bestela interpretatu dute Aingeru Epaltzak eta Anjel Lertxundik. Aingeru Epaltzak berripaper honen irailaren 6ko alean, euskarazko prentsak euskarazko kultura ez duela behar beste kritikatzen kritikatu zuen, euskarazko prentsa osatzen duen komunikabide batean.

Anjel Lertxundik arrazoia eman zion euskarazko prentsa ere baden irailaren 9ko data zuen hartan. Epaltzak beste idazle baten errana hartu zuen argudioetarako makulutzat. Atxagak esan ei zuen gaurko bertsolariak musuka aritzen direla entzulearekin. Ez gara gu bertso-afari eta saio libre askotan elkarrekin egon orduan, gu egon garen askotan, entzulea lotsarazi zein haserrarazi egin izan baitituzte bertsolariek entzulea. Euskal prentsak ez dituela gure arteko aferen gaineko eztabaidarik pizten salatu du Epaltzak. Zer esan gura du, euskal prentsak zentsuratu egiten dituela iritziak euskarazko kulturarekiko kritikoak badira?

Kritikotasun ezaren bi adibide aukeratu zituen Epaltzak artikuluan. Bata Korrikan euskal preso politikoen argazkiak ateratzeak euskarazko prentsan kritika gehiago agertu ez izana eta bestea ikastolen mugimenduan dagoen barne krisiari buruz euskarazko prentsan kritika gehiago agertu ez izana. Dakigunarengatik, biak ere, afera erabat politikoak. Dakigunarengatik, bai batari buruz zein besteari buruz, dozena erditik gora artikulurentzako aitzakia izan zirenak. Esango nuke euskarazko kulturgintzan berdin euskalgintzan, urteak daroatzaten eragile askok autokritikan zutabetu direlako lortu dutela bizirautea.

Urteotan guztiotan agintean egon direnek euskarazko kultura jaso, gorde eta zabaltzeko lanean dabiltzan eragile askoren lana lagundu baino oztopatu egin dutenez, eragileok hormatzar hori gainditzeko pertikak eten barik berrasmatu beharrean egon dira eta berrasmatzeko ezinbestekoa izan da aurrekoaren akatsak, gabeziak eta okerrak zuzentzea. Eta gogoeta kolektibo horretan, euskarazko prentsa beti erabili izan da bozgorailutzat. Besterik da, berbarako EITBk, lehen EAJren eta orain PSEren ildoarekin bat ez datorrena isilaraztea. Horretaz ari badira, bat nator Epaltza eta Lertxundirekin. Zer diozue zuek, Egunkaria auziagatik torturatuak izan zinetenok? Kartzelaratuak izateko arriskuan zaudetenok?