Bruselak esnekien kuota 2015ean liberalizatuko omen du. Beraz, ez da mugarik izango esnea produzitzeko eta prezioa oraindik gehiago jaitsi daiteke: “Orain supermerkatuetan esne kaxa asko dago, baina kuota liberalizatzen dutenean esneak gainezka egingo digu”, dio Eva Lopez de Arroyabek. Bere esanetan, Europar Batasunak neurri hori hartuko balu, esne zentral handiek Frantziako eta Europa ekialdeko esnea erosiko lukete “dumping ilegala egingo lukete, esnea produkzio kostuen azpitik erosiz”.
Bruselaren erabakia etorri da esne sektorea krisi bortitzean dagoenean. Ondorioz, Europako esne produktoreak protesta ugari egiten ari dira, eta Ipar Euskal Herrian ere grebari ekin diote esnezaleek ELBk deituta. EHNEk Ipar Euskal Herriko boikota babestu du eta aztertzen ari da Hego Euskal Herrian zein neurri hartu. Uztailean jada egin zituzten mobilizazioak Espainiako Estatuan, COAGek deituta: “Esnezaleak goizeko 7:00etarako Santanderren izan behar zuten hori txapela kentzeko modukoa da”, dio abeltzainak.