“Décroissance”: patu, estrategia, etika ala partidu?

  • Irailaren 19an Frantziako Beaugency herrian Association des Objecteurs de Croissance erakundea sortu zuten. Mugimendu honek biltzen duen militante kopuruari dagokionez ez da albiste nagusietan azaleratzekoa, baina bai txikiagotze edo herturak hartu duen indarraren seinale.
Decroisance
Décroissance aldizkarian Druilhe-k 2007an honela karikaturizatu zituen hazkundearekiko kritiko direnei egiten zaizkien kritikak. Pobre itxurako neskatoak "Hertzea behar duzu" diotsa txiro andanak neke artean dakarten mutil lodikote hanburgerzaleari. Honen erantzuna: "Atzerakoia! Malthuszalea! Aberaskumea! Zuk behartsuen txikiagotzea nahi duzu!". Ekonomia mailan hantu ez baina hertzeko proposamena, dena dela, lehen urratsak ari da ematen eta eztabaida mamitsuetarako gaia izanen da aurrerantzean. Aldekoen artean, jokabide eta pentsakera ezberdinak nabarmenduz doaz. Gainerako mugimenduetan, aldiz, asko barnatu da urteotan ekonomi hazkundearekiko kritika eta décroissance kontzeptuaz irri egitea ez dute aski izanen kritikoek.
Daniel Cohn-Bendit alderdi Berdeko eurodiputatuari elkarrizketa luze-zabala egiten ari zitzaizkion duela aste bete Frantziako telebista publikoetako batean. Une batean kazetariak Claude Allegre ministro sozialista ohia aurkeztu zion, eta honen lehen galdera izan zen: “Zu ‘decroissance’aren alde al zaude?”. Kontzeptu madarikatu baten zepoan harrapatu nahi izan balu bezala.
Cohn-Bendit ekologistak errez egin zion ihes tranpari, aski izan zuen esatea badirela mundu honetan lekuak oraindik hazkundea behar dutenak baina herrialde aberatsetan hertura edo txikiagotze kontrolatu bat beharrezkoa dela.

Justu egun horiexetan, irailaren 19 eta 20an, Frantziako Beaugency herrian zeuden bilduta ehunka militante Associations des Objecteurs de Croissance (AdOC) erakunde finko moduan sortzeko. Azken hauteskundeetan Europe Decroissance izenarekin aurkeztu ziren eta emaitza benetan kaxkarrak atera zituzten arren, bide horretatik segitzea erabaki dute. Dena esan behar bada, inguruko mugimendu ezkertiar eta berdeei egurra (hitzezkoa, noski) ausarki emanez.

Ekonomia mailako txikiagotzea, hertzea edo hertura –horrela proposatu omen du Joseba Azkarraga Etxagibelek, eta egokia dirudi– 2008ko maiatzeko Net Hurbil batean aurki daiteke azalduta. Baina kontua da krisiarekin asko hedatu dela beroaldi ekonomikoaren urte zoroetan ekonomi hazkundearen ontasuna auzitan jartzea kasik esnobista zirudien kontzeptua.
Eskuina trebe denez beste edozeinen ideiak bereganatzen, azken aldian neoliberalak ere ari dira gutxiagorekin bizitzea aldarrikatzen... Soldatapeko langileez ari dira, noski, sindikatuak haserraraziz. Komunikabide handi guztietan ikusi dira diruz estuago bizitzearen apologia dagiten erreportaje eta kronikak. Konformitatean bizitzearen goraipamenak.

Baina ekologisten teorikoek aspaldi landu duten decroissance hori, jatorrizko zentzua galdu gabe, parlamentuetara ere iritsi da. Eric Dupin kazetariak oroitarazi du abuztuko Le Monde Diplomatique kazetan, La décroissance, una idée qui chemine sous la recéssion (Hertura, krisi garaian bidea egin duen ideia). artikuluan.

Dupinek kontatu du Frantziako parlamentuko bilkura batean 2008ko urrian Yves Cochet diputatu berdeak atera zuela hitza, eskuindarren haserrea piztuz: “Hazkundea lortzen saiatzea antiekonomikoa, antisoziala eta antiekologikoa da”, esan omen zuen. Ez zuen jarraitzailerik aurkitu, prefosta, baina eztabaida publikoan sartzea lortu zuen.

Hala ere, krisia lehertu denetik asko ohartu dira txikiagotze edo hertura ez dela dagoenekoz aukera bat, iritsi den errealitatea baino. Krisi ekonomikoak eta ekologikoak astindu dute planeta. Yves Cocheten aburuz, “ez da gehiago hazkunderik izango. Txikiagotzea da gure patua”, baina “prestatu egin behar dugu hertze hori, demokratikoa eta bidezkoa izan dadin”. Txikiagotze derrigortu hori gizarte mailan jasangarria izan dadila, alegia.

Edo indibidualkeria atzerakoia

Ez da komeni hazkundearekin fribolizatzea. Ikusi da nola dabilen mundu guztia hazkunde ekonomikoa gelditu eta kontsumoa gutxitu denetik. Hori horrela izan bada, zer litzateke ekonomia mailako txikiagotze orokorrarekin? Galdera asko sortzen dira eta kezka gehiago.

Ezkerreko mugimenduak, sindikatuak, partiduak eta beste, kontu handiz dabiltza gaiarekin. Pentsatzen jarrita, garapen jasangarria –herturaren teorikoek madarikatzen dutena, ezinezkoa delakoan– oraindik aski landu gabeko kontzeptua da. Frantzian Berdeen alderdiari Garapen Jasangarriaren Alderdia deitzeko proposamena ere ba omen da. Jose Bove zerrendaburu eraman duen Europe-Ecologiek lorratz ekologikoa txikiagotzearekin batera garapen jasangarria aipatzen du.

Txikiagotze ekonomikoak ez dirudi oraingoz hauteskundeetan salgarri. Aldiz, berdeek, ezkerreko alderdiek, sindikatuek eta militante askok topo egiten duten mugida altermundialistetan decroissance gero eta gehiago aipatzen den ideia da. Zeharkako lerro bat, gaur entzuten den bezala.

Valentin Morel-ek Le Monde Diplomatiqueko artikulu osagarri batean (Vers une internationale?) erakutsi du konplexua dela herturaren aldeko mugimenduen mundu mailako kartografia egitea. Alde batetik bere baitan pentsamendu ildo ezberdinak dauzkalako. Eta bestetik, gai hori eguneroko lanean oso modu ezberdinetan mamitzen dutelako, beste gai nagusiekin nahastuta.

Frantzian sortu berria den AdOC erakunde berrian elkartu dira azken hamarkadan Frantzian bidea egin duten taldeak. Silence aldizkaria 1982an sortu zuten eta 6.000 ale saltzen omen ditu. Horren buruzagiek geroago Parti Pour la Décroissance antolatu zuten. Beranduago, 2004an Décroissance hilabetekaria sortu zen. Guzti horien inguruan azken hauteskundeetan Europe Décroissance zerrenda aurkeztu zuten, botoen %1era ere iritsi ez zena. Irail honetan mugimendu moduan artikulatu dira.

Herturarenak kontrako irakurketak ere baimentzen ditu, noski. Hasteko, esana dago décroissance marka erabiltzen dutela ezkerreko jendeak eta baita eskubikoak ere. 2006an Cyril Di Méo-k plazaratu zuen La face cachée de la décroissance (Txikiagotzearen aurpegi ezkutua) liburu oso kritikoa. Sasi-zientziak aztertu eta larrutu nahi dituen Association Française pour l’Information Scientifique-ren gunean laburbildu zuten gero haren mamia.

Alderdi Berdeko hautetsia omen den Di Méok txikiagotzearen aldeko teoriak ildo espiritualisten eta erreakzionarioen artean kokatu ditu. “Bizimodu sotilaren aldeko mugimenduok 20 urte daramate AEBetan, eta han gehiago balio izan dute garapen pertsonalerako terapien saltzaileak aberasteko ingurumenaren aldeko politika sendotzeko baino”.

Liburuari hitzaurrea ATTAC erakunde altermundialistan izen garrantzizkoa den Jean-Marie Harribey-k egin dio. Harribeyk dei egiten die militante altermundialistei: ondo dagoela gizabanakoaren mailan sustatzea autoprodukzioa, oparia, lekuko trukeak eta bestelako truke ez diruzkoak. Baina hori orokortzeak arazo larriak ekarri ditzakeela.

Osasun asegurua, erretreta, langabeziako subsidioa, eta beste, ekonomia monetazkoari daude loturik, gizarte solidaritate osoa. Zer litzateke guzti hori monetarik gabe? “Hertuzaleek -dio Harribeyk- benetako kapitalismoari baino gehiago modernitateari egiten diote eraso, noiz eta neoliberalismoaren erdian gaudelarik”.

Informazio gehiago:


ASTEKARIA
2009ko urriaren 04a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude