Musika txikien artasoro zabala

  • 2006 urtetik hona Arto Artian elkarteak Euskal Herriko sortzaile txiki askoren argitalpenak (diskoak, liburuak, fanzineak...) katalogatzen dihardu. Helburu komertzialik gabeko proiektua, musika erabiltzen dute pertsona aberasteko, eboluzionatzeko, hazteko tresna gisa.
Arto Artian
Joxe Larrañaga eta Ibon Fernandez, Arto Artian ekimeneko kideak, Azkoitiko MatadeixenDani Blanco
“Ez dakigu zer garen, baina bai ordea zer ez garen” hasi da Ibon Rodriguez Eten taldeko partaidea, Arto Artian ekimenari buruz galdetu diogunean, Xabier Erkiziaren esanak bere eginez. Badakite ez direla banatzaile bat, eta ez dutela diskoetxe baten papera betetzen. Eta ez da gutxi, proiektu batek izaera propioa izango badu, lehenik eta behin zer ez den garbi izan behar baitu. Baina erantzun hori ez da nahikoa Arto Artianen nondik norakoak ezagutzeko.

Jakin badakigu ordea Euskal Herri guztian zabaltzen den musikari eta sortzaile txikien artasoro handia dela, ale eta fruitu ugari eskaintzen dituen baratze zabala. “Arto Artian katalogo forma duen elkartea da; eginkizun garrantzitsuena artxibo lana da” zehaztu du Joxe Larrañaga Akauzazte Danok-eko kideak.

Baina katalogoa ez dago inongo helburu komertzialen menpe, ez dute musikaren bitartez eguneroko ogia bermatu nahi, eta hori nahiko garbi geratzen da hiru urteko biziaren ondoren saldu duten disko kopurua aipatzen digutenean: 93 erreferentzia bildu dituzte euren gonapean, eta denera 700 ale saldu. Ez die axola, eta alde batetik nahiago dutela ere esan liteke. “Guretzat arazoa baita disko baten aleak agortzea” diosku Rodriguezek.

Baina ez jarri aurpegi arrarorik irakurle, ez baitzaude ekimen arrunt baten aurrean, ezta ohiko musika egiten duten musikarien aurrean ere, katalogoan denetarik dagoen arren. Zabaldu burua esperientzia berrietara, eta Arto Artianeko musikarien lana dasta ezazu. Harridura sortuko dizu, seguru egon zaitez horretaz.

Lehenengo kimuak

Ekimen berezi honen lehen haziak erein zituzten laborariak Donostiako Gutural, Azkoitiko Akauzazte eta Berako Gutariko Bat taldeak izan ziren 1990eko hamarkadaren erdi aldean. “Garai haietan, hiru taldeok elkar ezagutzen genuen eta une bertsuetan maketa batzuk atera genituen” oroitu du Larrañagak. “Harreman hartatik gure maketak elkarren artean banatu, eta gure inguruan saltzen genituen. Denborarekin material ugari pilatu genuen, eta 2006an horri guztiari –40ren bat erreferentzia– beste forma bat ematea pentsatu genuen. Jendeak, gainera, hastapenetako maketa haiek eskatzen zizkigun maiz, nahiz eta dagoeneko agortuta geneuzkan”. Orduan, material hori katalogatzea erabaki zuten, bai biltegi fisiko batean, baita webgunean ere. Gainera, lizentzia librean oinarritutako filosofiarekin, hainbat lan saretik doan eskuratzeko aukera jarri zen.

Lehen haziak ereinda zeuden, baina egungo soro zabala sortzeko laborari gehiagoren beharra zegoen. “Hasieratik garbi geneukan gure ideia hau inguruko jendeari zabaldu nahi geniola” dio Larrañagak. Teknologia berriek eskaintzen dituzten erraztasunak medio ohartu ziren, lan asko sortzen ari zirela. “Ez zen 1990eko hamarkadan maketa bat ateratzea bezala” jarraitu du Larrañagak. Eta kaleratzen diren lanen tirada askotan 30 edo 100 kopiatik igarotzen ez bada ere, “artxibatu ditugun lan asko katalogatu izan ez bagenitu, ziurrenik ahanzturan galduko ziren”. Bestela ere material horren guztiaren kontsumoa ez da masiboa, eta Arto Artianek ez du arrakasta itzela bermatzen, baina ekimenari esker euskal sortzaile txikiek egiten duten lan isila ezagutzera eman da Euskal Herrian, baita kanpoan ere.

Elkarlanaren garrantzia

Laborariaren lana nekeza izan ohi da, soroa zaindu eta uzta bildu nahi bada bederen. Eta artasoro honek ere, alerik emango badu, kide diren musikari eta sortzaileek ezin espero dezakete argitalpenak beste edonork eginda emango dizkienik. “Arto Artianen dauden lanak normalean sortzaileak berak ekoizten ditu” argitu du Larrañagak; “ondoren lan horri denon artean banaketa, promozioa eta bidea markatzen diogu”. Era horretan, sortzaile txikiek egin behar izaten duten lan handi hori errazten du elkarteak. Musikari bakoitzak aukeratzen du zenbateko tirada egin baina, Rodriguezek azaldu duenez, “kontuan hartu behar du ezin dela labur geratu, ezta luze ere”. Uneoro disko bakoitza erabilgarri egon behar baita, hau da, Arto Artianen biltegian kopia kopuru bat egon behar da, eta horregatik suertatzen zaie arazoa disko baten aleak agortzen zaizkienean.

Ezohiko taldeen soroa

“Bakoitzak bere modura uler dezake musika; lan bat zarata besterik ez dela iruditzen bazaigu ere, horren atzean ideia bat dago, zaratarekin berarekin molestatzea, esaterako” esplikatu du Rodriguezek. “Musika aisialdirako tresna bat bezala saldu izan digute, baina niretzat espresio bide bat da, bizitza sortzeko balio duen erreminta” gehitu du Larrañagak. “Zaratarekin momentu oso bereziak sortzea ere badago”. Baina entzulea ez dago horretara ohituta, ez baitu orokorrean musika mota hori kontsumitzen. Horregatik jendea, hasieran, musika hau entzuten duenean, galduta sentitzen da. “Esperientzia polita da. Baten bat aspertu egingo da, eta besteren bat harritu; baina nire ustez, halako momenturen bat lortzea garrantzitsua da” amaitu du Larrañagak.
Espresio bide bezala ulertuta, musika beste begi batzuekin ikusten dute Arto Artianeko hainbat partaidek. Eta horren adibide bezala har daiteke Xabier Erkiziaren Spam Detect lana. Erkiziak bere posta elektronikoan jasotako spamekin itzulpena egin du: publizitatea soinu bihurtu.

Era horretako musika esperimentalak pisua baldin badu ere, pop, rock, hardcore, blues, free-jazz, elektroakustika... Horiek denak egiten dituzten taldeak ere badira Arto Artianeko kide. “Irrati formulan entzuten den musika ere egon daiteke elkartearen barruan, denetik dago” dio Larrañagak. Halere irrati formulan ez da katalogo honetako talderik ageri, baina “bere neurrian arrakasta izan dugula uste dut, nahiz eta ezagunak egin ez garen”.

Zuzenekoetan, askotan rock formaturako prestatutako lekuetan jo beharrean dira, musika rocka izan ez arren. Kultur etxeetan, erakusketa lekuetan eta antzekoetan ohikoak omen dira tankera horretako kontzertuak, baina halere berezienetarikoa jubilatu etxe batean jotakoa izango da. Azken aldian gainera, kontzertuen aurretik hitzaldiak eskaintzearen ideiari bueltak ematen hasiak dira, entzuleak ulertzeko ikusten ari dena zertan datzan.

Euskal Herri guztian zabaltzen zaigun artasoro hau aberatsa eta emankorra da fruituei dagokienean. Eskaintza zabala den arren, eskariak ez du era berean gora egiten. Baina, esan dugu, Arto Artian helburu komertzialik ez duen elkartea da, eta salmentari begiratu gabe dihardu. Horregatik musikari txikien lanak zeresan handia izaten jarraituko du artasoro zabalean.

ASTEKARIA
2009ko urriaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arto Artian
2019-03-31 | Jon Urzelai
Gutariko Bat eta zarataren ernamuina

Gizarte bakoitza bere zaratarengatik epaitu behar genukeela zioen Jacques Attali pentsalari frantziarrak. Hala bada, zer dio euskal zaratak? Horixe bera izango dugu mintzagai hiru artikuluko serie honetan. Lehenbizikoan, Euskal Herrian izan den talde interesgarri bezain ezezagun... [+]


Arto Artian festa 2015: abangoardia musikalarekin zita

“Musika txikien katalogoa” izen xumea jarri zioten beren buruari duela hamar urte Arto Artianeko kideek eta Euskal Herriko musikari esperimentalen topagune bihurtu dira.


2014-06-29 | Myriam Garzia
ARTO ARTIAN euskal herriko musika esperimentalaren plataforma
Zaratak liluratuta

Ospatu berri da Astro Artian musika esperimentalen jaialdia, Gernikako Astran. Hainbat sortzailek egin zuen han topo, eta haien arteko aldeak nabariak izanik ere, denek egiten dute bat lan egiteko moduetan, askotan musika industriak markatutako moduetatik kanpo. Zaila egiten... [+]


'Astro Artian', musika esperimentalak Gernikako Astra hartuko du

Musika esperimentala ardatz hartuta, hilaren 14an Arto Artian plataformaren jaia egingo dute Gernikako Astra gaztetxean. Hamabost artista baino gehiagok hartuko dute parte egun osoko egitarau zabalean.


Katalogo berria aurkeztu dute Arto Artian-eko musikariek
Hirugarren katalogoa aurkeztu zuten joan den ostiralean Arto Artian kolektiboko musikariek. Soinuarekin lan egiten duten artistek osatzen dute kolektiboa, eta musikan independentziaz aritzea dute helburu. Gora Japon, Billy Bao eta Xabi Erkiziaren lanak jaso ditu, besteak beste,... [+]

Eguneraketa berriak daude