argia.eus
INPRIMATU
Ajuria Enetik
Patxi Zubizarreta 2013ko maiatzaren 02a
Patxi Zubizarreta
Patxi ZubizarretaZaldi Ero
Lehendakari izendatu eta hilabete pare batera edo, batzuentzat susmagarria eta bestetzuentzat –“socio preferente” (sic) duen PPrentzat, esaterako– kritikagarria izan zen Patxi Lopezen desagerketa, ez Burgosen ez Mallorcan ez baitzen agertu atentatuen gaitzespen ekitaldietan. Ezagunen batek esan zigun zirujiaren bat –irudi kontuak, seguruenik– egiten ibiliko zela, baina nik pentsatu nuen litekeena zela bere aldi berria prestatzen jardutea; imajinatu ere egin nuen orain arte lehendakari bakar batek ere egin ez duena egin zezakeela, hau da, euskal idazle eta intelektualekin halako bilera klandestinoak prestatzea gizarteaz, kulturaz edota krisiaz mintzatzeko eta proposamen berritzaileak bideratzeko –eta bien bitartean, noski, gogotik ikasiko zuela euskara, gutxienez Ibarretxek bezain argi eta garbi hitz egiteko–.

Imajinatzen jarraiturik, lehendakari karguaz jabetzean erakutsi zuen literatur zaletasuna gogoan, aspaldian nerabilen proposamen bat egingo nion Xabier Urzanteren ipuin baten bitartez: antza, antzinako Tuteran hiru neska-mutiko lagun egin ziren eta hurrengo jaiegunerako geratu ziren, baina hitzorduan huts egin zuten Ali musulmana zelako eta ostiralean agertu zelako, Miriam judua zelako eta larunbata zuelako jaiegun, eta Joanes kristaua igandean agertu zelako. Baina huts egitearen arrazoia ezagutu zutelarik, erabaki ezin zentzundunago bat hartu zuten: aurrerantzean asteak zer eta hiru eguneko asteburua izango zuen!

Lehendakariari esango nion ipuinak aukera ematen ziola ere kulturartekotasuna aldarrikatzeko –baita Zapateroren aurrean, Espainiari begira–, eta nik ere neure aukera baliatuko nuen: krisi garaiotan, zergatik ez berak ere lau eguneko lan astea proposatu? Bai, neurria itxura batean oso populista izan daiteke, baina baita zinez bideragarria ere: lana solidarioki banatzearekin lotua dago, halako auzolan kontzeptu altermodern batekin, eta zeharka slow bizimoduarekin lotua dago, osasuna eta ongizatearekin alegia, etengabeko formazioarekin, edo baita kulturarekin ere: irakurtzeko astia izango genuke eta irakurketa kanpainetan aurreztuko genuke, estresa eta moobing bezalakoak ere nabarmen urrituko lirateke...

Proposamenak, bai gurean bai Europan, egundoko aldaketa ekar lezake, lehendakari bat Historiara pasatzeko adinakoa bai, behintzat.

Lehendakari izendatu eta lau bat hilabetera, baina, aurreko lehendakariek bezalaxe, Patxi Lopezek ez gaitu ez bilera klandestinoetara ez bestelakoetara deitu, eta ohartzen naiz, gainera, ideia berritzaileegia dela eta, gizartea ez bezala, PSE ez dagoela prestatua halako sozialismo pragmatiko eta solidarioa aurrera eramateko –zer esanik ez haren “socio preferente” (sic) den PP–.

Bai, irudimenak urrunegira eraman nau eta oroimenak bestela pentsarazi, zeren El País egunkarian, lehendakari izan aurretik (08-V-25), Patxi Lopez honela mintzatu baitzen: “PNVk herri honetako sortzaile ez ofizialak baztertu, eta kausara bideratutako kultura bultzatu du, haiek akabatu nahi izan ditu, edo kanpora joatera behartu”. Kulturara mugatuz, aitortu beharko nioke sortzaile, intelektual eta kultur eragile asko aspaldian politikoki umezurtz sentitu izan direla hemen, eta euskaraz oso kultura “ez ofiziala” ere sortua dela aspaldian, edota euskaraz idazteak edo grabatzeak ez dakarrela sintonia politiko ezinbestekorik, eta are gutxiago etekin ekonomikorik... Baina hori guztia ere ezin adierazi, ez bada Euskadi Sarien kokteleko solasaldiño protokolozkoan; baina agian ordurako euskara sakon ikasi, asko irakurri eta irudi berrituarekin etorriko zaigu. Hala ere, nork jakin, mezulari bat etorri berri da...