argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2009ko irailaren 29a

Iban Zaldua idazleak Volgako Batelariak blogean (http://eibar.org/blogak/volga): "Kritiko gehiago eta anitzagoak egon daitezke, ados, baina gauza batzuk ez dira sekula aldatzen, eta urteko euskal narratiba eta poesia liburu onenari esleitutako Espainiako Kritikaren saria pertsona batek erabakitzen jarraitzen du, Jon Kortazarrek alegia (edo, urteren batean gertatu omen den bezala, haren ondoko batek), inoiz beste kritikari batzuei (ez guztiei, ezta hurrik ere) kontsulta-simulakro bat egin ostean. Argi gera bedi hori ez zaidala, berez, gaizki iruditzen (badakizue mota eta jite guztietako sarien aldekoak ez ezik, entusiastak garela Volgako Batelarietan), baina erabilitako irizpideak argiak izatea gustuko dut, eta gauza bakoitzari bere balioa aitortzea".

 

Xabier Amuriza idazle eta bertsolariak Gaur8 aldizkarian: "Badakit irakurle errazen edo zailen kontua hizkuntzaren beraren dependentzietako bat dela. Nik idazten ditudan testuak erdaraturik oso errazak eta normalak izango lirateke, baina euskal irakurlea ahula delako ez noa euskarak dituen baliabideak baztertzera eta idazkera infantil bat egitera. Espresibitatearen bila joaten naiz eta, gauza konplexuagoak ateratzen bazaizkit, ez dut atzera egiten".