Zuhaitzaren zirrara

Huasaia
Huasaia
Laurehunen bat litro ur bildu behar du egunero pago mardul batek bapo bizi ahal izateko. Guk pare bat zintzurreratuz gero balekoa. Baina zein ur? Mendikoa? Gozo-gozo gaitzak kutsatuko dizkiguna? Nola hala, nola ahala, ura garbitu beharra dugu, kalte nabarmenik egin ez diezagun. Alkohola nahasita, zukuekin hartzituta... tokian tokiko erara.

Brasilgo Belem hirian, milioi t'erdi eskas biztanlek, besteak beste, 180.000 litro inguru huasai ur edaten omen dute egunero. Huasaia, Euterpe oleracea, Amazoniako palmondo bat da. Izen zientifikoko Euterpe, arteetako bederatzi musetako baten omenezkoa da, musikaren alosiarena hain zuzen. 

Modan da huasaia, edo Europa eta AEBetan deitzen den eran, asaia. Haren frutak, elikagai ederrak edukitzeaz gain, gorputzaren oxidazioa moteltzen omen du. Zahartzaroari beldur dion jendearen artean da biziki boladan. Amazoniarrek etxeko dute, oleracea abizenak halaxe dio, baratzekoa. Huasaiaren ahizpa, palmitondoa, Euterpe edulis (edulis = jangarria), oso ezaguna da. Gordinik jaten den palmitoa palmondoaren punttako kimuaren bihotza da. Kimu bakarrekoa izaki, hura kenduta akabo palmondoa. Ahizpa ia akabatu dutenean, huasaiaren bihotzari tiraka hasi dira. Bere fruta eta honen ura ere gustuko dituztenez, honoko honekin gauzak talentuz egin nahi dituzte.

Askoren begiko da koxkorra. Hegazti frankok paparrean beratu ondoren jaten du eta tukanaren mokoa berau irekitzeko egokia omen da. Arrain ugarik ere gogoko du eta fruta erortzen den garaian arrantza toki polita omen da ur-izkinako huasaipea. Arrainotakoa da aingira elektrikoa deritzona, Electrophorus electricus. 550 volt-eko deskargak sortzeko gai da eta sustraiak uretan dituen palmondoa akuilatuta moiltzen du, frutak uretara erori araziz. On degiola.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude