argia.eus
INPRIMATU
Zarautz, 6.000 euro metro karratuko
Ekai Txapartegi @ekainet 2009ko irailaren 27a
Ekai Txapartegi
Ekai TxapartegiEgoitz Lasa
Ez dakit eskubidea den edo gobernuen betebeharra. Baina premiazkoa da etxebizitzak eskuragarri egotea. Eta ez daude. Zuzen hitz eginda, honi ez genioke “etxebizitzaren” arazoa deitu behar. Ezta “etxebizitza faltaren” arazoa ere. Etxebizitza garestien arazoa da. Etxebizitzak garesti daudelako gaude hainbeste gazte gurasoen etxean zahartzen.

Gazteekin hitz eginda berehala ohartuko zara etxebizitzen salneurria dela arazo nagusia. Inkesta guztiek ere gauza bera esaten dute. Gaztediaren iritzi orokortu hori, jarrera politiko bihurtzea falta zaigu. Hortaz, etxeak falta dira? Ez. Gobernua falta da.

Zarautzen, esaterako, etxebizitza hutsak betez gero, Irungo populazioa izango genuke. Pertsiana jaitsien herrian 30 urteko gazte saldoa gurasoen etxean usteltzen uztea gizarte krimena da.

Egungo etxebizitza politikak gaztediaren sormena eta ekimena murrizten ditu. Gonazpian dagoenak gonazpiko jarrerak hartzen dituelako eta hipotekak itotako gaztea itota bizi delako. Gizartearen zahartzea ere bultzatzen du, etxebizitza ziurtatu gabe duenak, edo hainbeste zorpetu denak, ez duelako seme-alabarik ekarriko. Ekonomiaren hoztea ere ekartzen du, etxe hutsak pasiboan daudelako eta inmobiliariek eraikitzeari utzi diotelako. Etxebizitzak merketuz gero hori guztia alda daiteke.

Zergatik daude garesti etxebizitzak? Gobernuak ez duelako egin beharrekoa egiten. Etxebizitzak merketzeko hartu beharreko neurriak ezagunak dira. Indarrean dagoen lurraren legea aldatu behar da, etxe hutsak merkaturatu behar dira eta inmobiliariak etxeak eraiki eta saltzera edo alokatzera behartu behar dira. Hori ezin dugu gazteok egin, hori gobernuek bakarrik egin dezakete. Herritarron betebeharra neurriok indarrean jarriko dituzten gobernuak ekartzea da.

Etxebizitza sozialek, adibidez, ez dute merkatua merketzeko balio izan. Batzuek zortea izan dute eta etxebizitza bat tokatu zaie. Baina gehiengoa kanpoan geratu gara. Tonbola batean gure zenbakitxoa atera ez delako, edo sartzen utzi ez digutelako, ezin dugu gure bizitza proiektua abiatu? Erantzun hori ez da serioa.

Etxebizitzak merketzeko neurri eraginkorrak hartu behar dira. Krisi ekonomikoak eta bankuek mailegurik ez emateak etxebizitzen beharrezko merketze hori hasi du. Prezioak jaisten ari dira, bai erosteko, bai alokairuan hartzeko. Baina etxeak oraindik ez daude eskuragarri. Gehiago jaitsi behar dute.

Azken hamar urtetako bidegurutze bera planteatzen zaie gobernuei: edo gazteekin daude, edo espekulatzaileekin daude. Espekulatzaileekin badaude, zertarako babestuko ditugu guk?