Nire ibilbide pedagogikoa
Imanol Urbietaren ibilbide pedagogikoa biltzen duen liburua argitaratu du Elkarrek. Musikagilea eta irakaslea, zarauztarrak lan ugari egin ditu bizi osoan irakaskuntzaren alorrean. Txiki-txikitatik musikaren zale, 1960eko hamarkadan euskal kantagintzaren mugimenduan parte hartu zuen, eta Haur Kantarien Mugimendua sortu zuen Zarautzen. Beste lan askoren artean, berari zor zaio 1984an Donostian Xirula Mirula sortu izana, haurrak musikaren bidez hezitzeko puntako gunea. Kanta askoren sortzailea, Euskal Herriko haur belaunaldi askok nekez ahaztuko dituzte Txiki, txiki, txikia edo Behin betikoren moduko kantak. Liburu eta CD honetan dituzu horien atzean zeuden ideiak.