Diskoan ez dago instrumentu harmonikorik...
Haizezko lau instrumentu ditugu. Europan halako hainbat daude. Lau ahots hauekin gorputz harmonikoa sortzea erronka izan da, tema berriak, konponketa berriak… Piano, akordeoi, gitarra eta halako instrumentu harmonikoekin izaten den zilbor-hestea hautsi nahi izan dut gorputzak hala eskatuta. 8.000 metrotako gailur batera “estilo alpino” delakoarekin joatea bezalakoa izan da. Zama gutxi, liraina, zaila, pentagramaren sokak bere tokian.
Zein da Jamalandrukirengandik gelditzen zaizun oroitzapena?
Zintzotasuna, eskuzabaltasuna, bokazioa, artista izateko maitasuna.
Tradiziotik abiatzen zara eta berau hautsi egiten duzu. Hori helburua edo bidea da?
Nik ez dut, lanean ari naizelarik, sekulan helburuetan pentsatzen. Bestalde, edozein musika mota delarik beti tradizioa dugu. Hautsi, haustea... beharrezkoa da haustea, bestela jai!
Asko kostatu zaizu behar zenituen musikariak aurkitzea?
Bai, ez da erraza izan, deitu baino lehen ongi pentsatu behar duzu. David Herrington trompeta joleak lan bikaina egin du. Beste hirurak ezagunak ziren. Hala ere, zaila izaten da. Bilatu behar da partituran dagoen musikan sinesten duen musikaria, ez soilik jo dezakeena.
Bi egunetan “tranpa ezta kartoi barik” egoera puruan grabatuta... Nolakoa izan zen grabazioa?
Grabazioa denok zuzenean eta ia bi egunetan egin genuen. Giro onean eta kontent, espero baino lehen grabatu zen. Gero jo ahala grabatutakotik aldatzen goaz, zorionez.
Umorea ezinbestekoa da musikan?
Bai, beharrezkoa da.
La Orquesta Jamalandruki lanaz batek baino gehiagok erraten du karikatura eta esperpento punttu bat badagoela musikan. Ongi etorri!
Zelako harrera izan du diskoak?
Vigoko Imaxinasons-en izan gara, eta urrian Son del aire-ra goaz. Gero bada Europan barrena bira bat oraindik sinatu gabea.