Cretas ez han, ez hemen

  • Abuztu honetan, ez Hawaii ez Bonbai, Cretasen izan gara oporretan. Kasu, Greziako Kretan ez, Teruelgo probintzian den Cretas (edo Queretes) herrian baizik, Matarraña (edo Matarranya) izeneko eskualdean. Parentesi artekoa ikusita, igarriko zenioten zerbait gertatzen dela han, nolabaiteko konfliktoa dutela, gurean ere (ipar zein hego) ezaguna dena: bi hizkuntza dituzte. Konflikto hitza aipatu dut, nahita, eta hemen dator azalpena.
Cretas
Cretas
Lehen argazkia. Cretas (Teruel) eta Arnes (Tarragona). 618 biztanle lehenak, 510 bigarrenak. Lau kilometro eskas batetik bestera, ez dute bestelako herrigunerik gertuago. Cretas: bertako kaleetatik pasieran, ultramarinos batera iritsiko zara, egunkariren bat erosteko asmoz. Erakusleihoan Heraldo de Aragón, El País, La Razón, Abc, juxtu-juxtu La Vanguardia borboizalea. Aurrera egin eta, bide guztien antzera, Erromara ez, herriko plazara, Plaza Españara aterako zara. Hantxe duzu, ongi etorria egiteko, pintaketa bat: Arriba España. Kalean behera segi, eta herria bitan banatzen duen errepidea aurkituko duzu, Avenida Generalísimo.

Arnes: superrean sartu zara, eguneko notiziak leitzeko intentzioarekin, eta hantxe dituzu Avui, El Punt, juxtu-juxtu La Vanguardia borboizalea. Paseatuko zara, noski, herriko kaleetan zehar, Lluís Companys, Onze de setembre, Plaça Catalunyara ailegatu arte. Bazter batean dago idatzia “Els catalans no són espanyols” –akaso espainiar batek idatzia, bestela “no som” idaztea baita logikoena–. Hotel bat ireki berri dute, gainera, herriaren tamainarekin alderatuta, erraldoia. Tamaina horrexegatik –eta beste gauza batzuengatik– ez balitz, Israelek han jarritako etxe zuri prefabrikatu bat dela imajinatuko genuke. Hotel atarian, etengabekoa da bikote beltzaran klonikoen sartu-irtena.

Bigarren argazkia

Cretas, atzera, bertan izan baikara oporretan. Bandoak esnatu gaitu, goizean goiz: “Se avisa de que se cortará el agua ahora mismo”. Kontxo, ibaian kendu beharko gaueko izerdia. Baina jendea ikusten duzu kalean, adinekoak horietarik gehienak, haur batzuk ere bai, eta zera arraro batean ari direla entzuten duzu, betiko kastillanoa ez den hizkuntza batean. Kurioski, aurreko egunean, lau kilometro eskas harago, Arnesen, entzun duzun hizkuntza berberean. Tabernan sartu, kafesnea eskatu, eta hantxe hurbilduko zaizu Tio Gerardo, adar jotzen. Kastillanoz hasiko zaizu, zuk katalan traketsean ihardetsi, eta barkamena eskatuko dizu: “Es que pensava que ereu castellans”. Behin solasa abiatuta, ausartuko zara zu ere, eta galdera egingo diozu. Ez da isilik geratzekoa: “Behin, kanpoan, nongoa nintzen galdetu zidaten. Erantzun nien katalana. Katalana, zein herritakoa? haien arrapostua. Queretes (sic) herrikoa, nik. Orduan ez haiz katalana, esan zidaten. Horrelaxe ikasi nuen nongoa ez nintzen, behintzat”.

Ondorio bat

Bada ibaitxo bat, Algars deiturikoa, Cretas eta Arnes, bi herriak banatzen dituena. Sikua oso, sasoi honetan, egingo nuke oinez ere iragan daitekeela. Baina, nago, ibaitxo horrek dakarrena baino ur handiagoek egiten dutela handi lau kilometroko distantzia.
Franja de Ponent
Izendapen horren baitan biltzen dira Aragoiko lurretan (Huesca, Zaragoza nahiz Teruelen) dauden eskualde katalan hiztunak. Lau dira guztira: Ribagorça, Llitera, Baix Cinca eta Matarranya. 50.000 inguru hiztun. Katalanak ez du ofizialtasunik, instituzioen aldetik inolako babesik ez du jasotzen, eta herritarrek ere baztertua dute jarduera publikoan. Eskoletan irakasgai gisa ikas daiteke soilik. Beste hitz batzuekin esanda: desagertzera kondenatua dagoela.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude