argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Zinemaldia
Lehen asteburua: ni kontent
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2009ko irailaren 27a
Keshtzar haye sepid
Keshtzar haye sepid
“Ba... ez hain gaizki, aizu!”. Igandeko (20) Sail Ofizialeko azken pelikula ikusi ondoren ari naiz hizketan lagun batekin. Esana nion aurten Veneziako Mostran pasatu dituzten pelikulen aldean, a priori ahula iruditzen zitzaidala Donostiako Zinemaldian ikusi behar genuena. Baina aurreneko asteburuko filmek hein batean iritzia aldatu didate.

Festibala hasi zen Atom Egoyanen Chloerekin: Julianne Moore eta Liam Neeson jeloskorkeriari buruzko istorio batean, Amanda Seyfriedek tentatuta. Ez zen hasiera txarra izan. Distiratik urrun, dena dela.

Larunbateko hirurek konbentzitu ninduten gehien. Gosaria eztarrian ikusitako Le refuge-ek (François Ozon zuzendari) melodrama malko-ebasle bat izateko aukera guztiak zituen –heroinazalea da protagonista, mutila hilko zaio, haurdun geratuko da...–; baina pelikularen mekanikak, kontuan hartzeko moduko emaitza sortu du.

Irandik Keshtzar haye sepid (irudian) Mohammad Rasoulof zuzendariarena. Azken bi urteetan Makhmalbaf ahizpek ekarri dituzten filmen ildoan, modu alegorikoan irakurri behar da. Mundu globalizatuko botere-harremanen errepresentazio sendo honek, Irango zinema sasoian dagoela erakutsi zigun ostera.

Juan José Campanellak El secreto de sus ojos-ekin trebe nahastu ditu amodio istorioa eta detektibe generoa, umore argentinarraren printzak tartekatuz.

Asteburuko ahulena, nire ustez, Christophe Honoréren Making plans for Lena. Eta lagunari esan diot: “Ikusiko dugun txarrena hori izango bada, ni kontent”.