argia.eus
INPRIMATU
Begoña Del Teso
“Pasioak ofizio bihurtzen dituzunean inozentzia galtzen duzu”
Sustrai Colina 2009ko irailaren 27a
Begoña del Teso
Begoña del TesoArgazki Press
Zinema japoniarra gustatzen zaizula esatea sentiberatasun betea edo pose hutsa den jakin gabe jarraitzen dut.

Zinema kritikariak zinemagile frustratuak omen dira...


Edo voyeur-ak. Niri ez zait gauzak egitea batere gustatzen baina ikustea bai. Gainera, ikusitakoa kontatzeak plazera bikoizten dit.

Norberak ezer egin ez eta besteak larrutzea oso gustu txarrekoa iruditzen zait.


Artistek ez al dute jendearen aurrean jartzeko lan egiten? Ikusle bakoitza kritikari bat da, baina niri ordaintzen didatenez, nire iritzia emateko obligazioa daukat.

Zure iritzia salgai dago, ala?


Denok dugu gure prezioa baina dirua baino presio handiagoa da ingurua. Askok kontrakoa uste arren, askoz errazagoa da pelikula bat laudatzea egurtzea baino. Horregatik euskal pelikula bat estreinatzen den guztietan otoitz egiten dut gustukoa izateko. Bestela...

Ez esan mehatxatuta sentitzen zarela!


Gazteagoa eta hasiberriagoa nintzela, orain izarrak diren batzuek etxera deitu, kritika mozkortuta idatzi nuela esan, eta mobileta non aparkatzen nuen bazekitela esan zidaten.

Zer duzu euskal zinearen aurka?


Ezer ez, baina ezin da salbatu. Laburretan izugarrizko heroiak dauzkagu, baina film luzeetan oso txiki eta topikozaleak gara. Ia denek autore izatera jolastu nahi dute, eta ez dute zinema ofizio bezala ulertzen.

Baina euskarazko zinema arnasberritzen ari da.


Ba al dago euskarazko zinemarik? Eskaintza eta eskaeraren merkatuan ba al dago euskarazko zinema kultur etxe eta euskaltegietatik kanpo ikusteko eskaerarik?


Tira, Donostian ere Zinemaldian baizik ez dira betetzen aretoak, eta ez du inork ezer zalantzan jartzen.


Musika Hamabostaldiarekin gauza bera. Inguru bat behar dugu inoiz ikusiko ez genukeena ikusteko. Baina zergatik egiten duzu borroka Cannes-en Tarantinoren azkena ikusteko? Zergatik joaten dira denak Kontxara suak ikustera edozein lekutatik ikus badaitezke?

Eta zuk zergatik ikusten dituzu, izenburuak aldatu arren, beti berdinak diren filmak?


Jendea oso eroso sentitzen da pelikula horietan, baina nik nahiago dut probokazioa, eta zerbait berria ikusten dudanetan maitemintzen naiz zinemarekin.

Kontuz! Begoña erromantikoa ez dago zure posearen barruan!


Pixkanaka nire pertsonaia moldatu dut. Badakit ofizioz probokatzaile eta arraroa naizela, eta medio batzuk hain pijo eta konbentzionalak ez direla sinestarazteko erabiltzen nautela.

Dena da gezurra, beraz?


Asko bai. Arazoa da pasioak ofizio bihurtzen dituzunean inozentzia galtzen duzula.