argia.eus
INPRIMATU
Mila loreren usaina
  • Juan Kruz Igerabide ::Printzesa begi-zulo

    Elkar

    prezioa ::8.25€

2009ko irailaren 20a
Printzesa begi-zulo
Printzesa begi-zulo
Ipuin honen izenburua irakurtzen duena harritu egingo da gure artean, gure tradizioan, ez baita ohikoa printzesak zaindu gabe egotea, printzesek sufritzea, printzesak pertsona arruntak izatea. Eta hain zuzen horrelako pertsonaia aurkezten digute Igerabidek eta Odriozolak ipuin honetan: printzesa pobre bat. Beren lurralde, erreal eta –era berean– miresgarria den lurraldetik alde egin behar izan duen printzesa baten istorioa kontatzen digute.

“Ipuin honetan printzesa txiro bat agertzen da, begi-zuloekin, San Borondon uharteko erregearen alaba. Begirada triste nekatua dauka, neguko arratsaldeko lainotsua bezalakoa”. Honela hasten da ipuin hau. Eta hasierako tonu eta estilo hori izango dugu ipuinean zehar; protagonista txiroak ez du izen propiorik, hasiera-hasieratik adierazten zaigu bere egoera fisikoa –begi-zuloak– egoera ekonomiko eta sozialaren ondorioa dela eta, aldi berean, pista batzuk ageri zaizkigu idazkera poetikoaren inguruan. Are gehiago, esaldi horien ondoren ageri den poema txikiarekin: “Begirada eztiko / haur zilarra; / negu beltzeko / artizarra”.

Azken urteotan haur literaturan aldaketa nabarmenak izan dira, gaien trataeran, idazkeran, tonuan… eta Printzesa begi-zulo hau dugu horren adibide argia. Generoen arteko konbinaketa –agian gehitzea esan beharko genuke– dugu ipuinean; Elena Odriozolaren irudiek islatzen duten sentsazioa, sentimendua, eta informazioari gehitu behar baitiogu narratiba poetikoa eta poemen erabilera idazkeran. Izan ere, arestian ikusi bezala, narratzailearen kontakizunean poema labur batzuk –dozena bat– tartekatu ditu Igerabidek informazioa osatzeko baino poemen bidezko beste kontakizun bat, beste giroketa bat, egiteko.

“Ipuin honetan printzesa txiro bat agertzen da” dio egileak hasieran, eta printzesa horren istorioa kontatzen digute idazlearen eta ilustratzailearen artean. Horrela ikusi ahalko dugu nola printzesa hori txiroa izateaz gain triste dagoen; aita galdu eta ama gaixoarekin beren uhartetik alde egin behar izan duen, nola heldu den lehorrera patera batean, nola hasi den lanean supermerkatu batean kutxazain… eta tristurak eta penak begi-zuloak handitzen dizkiotenean nola ezagutu duen printze bat.

Ohiko estereotipoak hautsiz –“inoiz ez baitzuen nahi izan printze urdinik”–, Odrizolak eta Igerabidek eguneroko istorioa kontatzen digute, maitasunezko istorio ederra. Irudiek eta idazkerak –poetikoa, poemak tartekatua, irudien pintzeladak bezala kontatua– are ederragoa egiten duten “mila loreren usaina zuen” printzesaren istorio bitxia.