Hitz-erdika

Mikel Atxaga
Mikel AtxagaDani Blanco
Mikel Atxaga bidegilea liburua eskutan hartu eta hark, Mikelek, gehienbat Deian argitaratu zituen artikuluen antologian, “Euskaltzaleak” izenburupean bilduta dauden euskal munduko pertsonaien erretratoei heldu diet. Ia 50 daude jasota liburuan, gehienak norbait hil osteko nekrologikak. Zirt-zarteko perfilak marrazten ditu Atxagak, askotan ustegabeak –eta egunkariaren presak beti– harrapatuta, pintzelkada sendo eta azkarrak erabiliz. Zehatzak, hala ere, zuzenak eta zorrotzak, hain berea zuen idaztankeran. Gehienetan, pertsonaiarekiko sentipenak tartekatzen ditu. Duela lau urte hil zitzaion lagun minari, Joxe Mari Aranalderi, erretrato hotzagoa egin zion irailaren 25ean. Handik astebetera, “Hitzik gabe utzi nauk, Joxemai” idazten du, eta hor bai, hor askatzen du barrena bete-betean. Lehen artikuluak betebeharrari erantzuten dio, saminak ez dio uzten haratago joaten. Bigarrenean aitortzen du ezin hori: “Hitzik gabe utzi nauk, Joxemai”. Hori, hitza, ahoz nahiz idatziz, ondare zuen gizonak.

Gaixotasunak erabat bigundu zuen Mikel. “Oso bera nago” aitortzen zuen behin eta berriz, barkazioa eskatuz bezala. Emozioari eusteko gai izango ez zelakoan deitu zidan aurtengo Argia Sarietan, Merezimenduzkoa jasotzerakoan, nik irakurri nezan bere esker oneko idatzia. Mahaikide izan ginen Txitxardin Beltxan, eta jan, ez zuen garai bateko tamainan jan, baina solasik ez zitzaigun falta izan. Kontu asko jakiten zuen Mikelek, baina, batez ere, gozatu egiten zuen kontu-kontari eta atsegin horrek kontalari aparta bihurtzen zuen.

Otsailean bizpahiru saio luze egin genituen elkarrekin hizketan, bere bizitzari errepasoa emanez, Mikel Atxaga bidegilea liburuan jasoko zen perfila idazteko. Hizketarekin, baretu egiten zitzaion mina eta gogoa piztu; barretik negar zotinera, oroimina, errukia, zalantza, haserrea, etsipena... aldarte klase guztiak joan ziren azaltzen, euritik ostadarrerainoko bidea eginez. Bere umore burlaizetsuak ere bazuen tokia jardunean. Adibidez kontatu zuenean nola sendotzako sakramentua jasotzerakoan, Lauzirika gotzain frankistak eman zion zaplaztekoarekin, “eskuinera ala ezkerrera joan ez nekiela geratu nintzen. Eta bizitza osoa daramat, geroztik, ezkerrera ala eskuinera jo ez dakidala”. Hala ere, aitortzen zuen, “erraz elkartzen naiz galtzaileekin. Beti. Baita frontoian ere”.

Sekularizazioa ukatu egin zioten eta ondorioz bi aldiz ospatu behar izan zuten ezkontza Marianjelesek eta berak, lehenengoan boda sakrilegoa zioen, ironia ezkutatu gabe; bigarrenean Erromako baimenarekin. Elizak don Migel galdu zuen eta euskarazko kazetaritzak Mikel Atxaga, Herrizale, irabazi. Ausardia eta konpromisoa, biak erakutsi zituen apaiz langile eta herrigintzan txertatua izan zenean eta kazetari “ez titulatu baina profesionala” izatearen bideari heldu zionean. Legea saihesteko erreparorik ez zeukan, kontzientziak hala agintzen zionean.

Bidegileak saila zuzentzea izan zuen eginkizun nagusi azken hamarkada luzean. Berrehunen bat biografia argitaratu dira hor, aspaldiko euskaltzaleenak nahiz gaur egunekoenak, oinarrizko antologia bat, euskalgintzaren who is who-a. Berak hautatutako azkenak argitaratzeko daude oraindik, bukaera arte segitu baitzuen zeregin horretan.

Mikelen lan egiteko modua ezarian ezarikoa zen. Okendo-22ko bulego-zirkilu hartan, olivetti zaharrari zanpa eta zanpa, astia hartzen zuen goizerdiko nahiz bazkalondoko kaferako, edo hain sarri azaltzen ziren bisitei kaso egiteko. Atea zabalik beti.
Belaunaldi ezberdinen arteko erreleboa ere gertatu zen 70eko hamarkadaren erdialde sutsu hartan. Ez ginen beti bat etortzen lehengoak eta berriok. Zeruko Argia refugium pecatorum bihurtzen ari zen, eta Mikelentzat ez zen erosoa beti hango giroa. Martin Ugalderen gonbiteak eraman zuen beste plaza batera, Deiara. Hala ere, editorialak idazten segitu zuen urte batzutan, lehenago, Zeruko Argiako erredakzioan sartu aurretik, egin ohi zuen bezala. Editorialetan bat egiten zuten kazetariak eta apaizgintzatik zetorkion beste eskola hark.

Plaza gizona izan arren, ez zen sekula mediatikoa izatera iritsi. Zenbat kalabaza ez ote zidan eman telebistara eraman nahi izan nuen guztietan. Izan ere, bera azaldu baino, besteei eragitea zuen nahiago

Euskarazko kazetaritzaren historiak aitortuko dio –eta ez hitz-erdika– ezinbesteko katebegi izana.


Hemerotekari galdezka


Mikel Atxaga (Urnieta, 1932-Donostia, 2009) kazetari lanean hasi zen Zeruko Argian 1960ko hamarkada bukatu baino lehen. Ia 1970eko hamarkada osoan izan zen Zeruko Argiako erredakzio kide. Deiara joan zen ondoren eta erretiratu arte aritu zen han kazetari lanetan. Bidegileak bildumaren koordinatzailea izan zen. Hemen ibilbide horren printza batzuk.

Argia 2195 zbk. (2009-08-02)

Xabier Letonak Miren Jone Azurza Zeruko Argiako zuzendariari egindako elkarrizketan: “Mikel Atxagak ere idazten zuen Zeruko Argia-n, apaiza zen artean eta Usurbilgo baserritarren kooperatiban ari zen lanean. Laster bihurtu zen editorial egileetakoa eta Miren Jone Azurza honek idatzitako testuak biltzera joaten zen bere lantokira. 1970ean Donostiako Okendo kaleko 22. zenbakiko erredakzioan egun osoz aritzea eskatu zion zuzendariak eta Atxagak onartu. Gero eta lan gehiago sortzen zen eta idazle on bat kontratatu behar zen. Azurzak ez zuen zalantzarik izan Mikel Atxaga proposatzeko, hori bai, baldintza batekin: ‘Gizarte segurantzan sartu behar zen, bestela ez nion deituko. Nik neuk gabe jardun nuen denbora guztian. Benetako militantzia zen niretzat. Soldata hileko 6.000 pezeta. Behar nuen seiscientosa erosi ahal izateko eskatu nuen igoera 15.000 pezetara eta hori bera irabazten zuen Atxagak’”.

Argia 2.173 zbk. (2009-02-22)

“Euskarazko prentsa bakarrenetakoa zen Argia eta euskaraz izateak besteei baino askatasun handiagoa ematen zigun zenbait gauza idazteko, besteek ulertzen ez zutelako. Askatasuna ekarri edo bultzatuko genuen poz eta itxaropen horrekin lan egin genuen. Ez zen aldizkari soila, jende askoren topagune ere bazen, iritzia sendotzeko balio zion zenbait euskalzale eta abertzaleri”.

Larrun (2005-07-10)

“Diktadura garaietan jendea euskarara hurbildu izan da, eremu horretan gauzak esateko aukera handiagoa izan duelako, Primo de Riveraren garaian eta frankismoan hori gertatu zen. Baina politika egiteko garaia eta demokrazia datozenean, jendearengana iritsi behar da eta erdal mundua hartzen da erreferentzia nagusi. Garaia, Berriak, Punto y Hora, Egin, Deia... Zeruko Argiak eta euskal prentsak sekulako odolustutzea izan zuten orduan. (...) Egin bera ere Zeruko Argian sortu zen eta, Donato Unanue zebilen hemen gerente lanetan eta bera joan zen gero Egin antolatzera. Nik 43-44 urte nituen eta ahitua nengoen, Zeruko Argian zer egin ez nekiela. Amatiño ere joan zen eta ‘nik ere alde egingo dut’ esan zuen. Gehienok egin genuen alde. Familia ere atera behar... eta alde egin genuen, nik Deiara”.

Argia 1.434 zbk. (1993-05-09)

Ritxi Lizartzak egindako elkarrizketan euskal egunkaria sortzearen beharraz egindako galderari erantzuna: “Beste herrietan ez bezala, Jaurlaritzak irrati eta telebistetan jarri zituen ahaleginak. 1982an egunkari baten beharraz jabetu eta zerbait egiten hasi ote zitekeen begiratzen hasi nintzen. Horren zatiturik geunden horretan ezinezkoa zirudiela egunkari bakarra egiterik zegoenik. Baina bakarra baino gehiago ezin zen izan. Euskaldunon Egunkaria sortu zenean nik 1982an pentsatu nuena bezalakoa dela konturatu nintzen. Jose Ramon Belokik beste bidea aukeratu nahi bazuen ere, nik uste dut garai hartan gai ginela denok proiektu batean elkartzeko. Gaur egun egunkari bat kalean dago eta txukun ari da lanean. Beraz, dirulaguntza eskaini behar zaio”.

Argia 1.175 zbk. (1987-11-29)

“Oroitzapen ona, neretzako Zeruko Argiak bazuela halako arrakasta bat, jende askoren artean onartua zela, haren zai zegoela jende guzti hori, astero ateratzen zela bada borondate onez edo musu truk lan egiten zuten kolaboratzaileei esker. Baina ia askatasun piska bat edo zerbait hasten denean –aldizkari konpetentzia ere gehiago ematen da–, orduan gehiago iritsi nahia sortzen zaigu, eta horrekin batera bi akontezimendu nabarmen ematen dira. Bata, Anparo Arangoren tortura kasuko argazkiak iristen zaizkigu lagun baten bidez eta haiek argitaratzera ausartu ginen. (...) Auskalo, 40.000 ale salduko ziren. Handik laister, ikurriña legeztatu aurretik atera genuen alearekin beste hainbeste gertatu zen, hatzaparka eramaten zuten”.

Zeruko Argia 841 zbk. (1979-09-02)

Kultur politikaz editoriala: “Euskal kulturaz kezkatu eta arduratu izan garenontzat nahiko egoera ilunean bizi da, azken aldi honetan, euskal kulturaren inguruko lan guztia. Etsialdi gogorrak izateraino lainotu zaigu, alderdi askotatik, alor hau. Batetik berezko indarrez hasi zitekeen guztia hasirik dago euskal kultura. Ikastolak, gau eskolak, irratia, astekariak, artea, antzerkia, zinea eta abarrek berenez izan zezakeen hazkuntza izan dute. Politika orokor eta kultural egoki baten zai daude orain eman behar duten urrats haundia egiteko. (...) Politikoak plazaratzeak ez gaitu kulturgizonok mintzen. Poztu baizik. Beroiek asmatu behar baitiote irtenbidea kulturgintzari. Baina politikoek erantzunik ez izateak eta kezkarik ez izateak ematen digu larria. Eta politikoen jokabideak baino gehiago kezkatzen gaitu herriaren txepeltasunak. (...) Dirua, politika kultural egokia eta abar behar beharrezkoak ditugu. Baina baita borondatea eta gogoa ere”.

Zeruko Argia 840 zbk. (1979-07-29)

Euskal Autonomia Estatutuaz editoriala: “Euskaldun abertzale askok urteetan amestu duen autonomia eskuetan dugu. Gernikako estatutua onartu beharra izan du Moncloak. Fueroekin batera orain 103 urte kendu zitzaigun aginpidea etxeratzen hasi gara, beraz. (...) Egia aitortu nahi baldin badugu, gainera, martxan jartzen hasteko aski dugu estatutu hau. Goseak dagoen langileak ez dio aurrean ipintzen dioten platera lantejari ukorik egiten, iraultzaren izenean”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude