Luzokerra
Uztailetik luzoker okerrak (Cucumis sativus) jan ditzakegu. Ttattarrak, bihurriak, itsusiak, trabesak, errenak, makolatuak, eriak, konkortuak, orinez oreztatuak, adabegitsuak, nekanez eta natuz josiak... Hitz batean, okerrak.
Uztailaren lehenarekin Europan saltzen diren 26 barazki eta fruta merkaturatzeko araudiak ezereztu dira. Orain artean hiru kategoriatan banatu izan dira saltzeko modukoak zirenak, “extra”, “I” eta “II”, hortik kanpokoak ezin saldu. Nahikoa zen okerdura pittin bat izatea, bi zaineko azenarioa edo alderakarga duen sagarra, zaborretara! Honek itxurakeria helburu nagusi izan duen ustiaketa sustatu du, eta kalitatea pikutara! Astakeria bat: azaluts zuri hau dela-eta milaka tona jaki alferrik galdu izan da. Hamar fruta eta barazkik besterik ez dute araututa jarraitzen, garrantzitsuenak, salmenten lautik hiru osatzen dutenak: sagarra, zitrikoak, kiwia, uhaza, muxika, udarea, marrubia, piper gozoa, jateko mahatsa eta tomatea. Horietan, hala ere, arauz kanpokoak ere saldu ahalko dira, horixe, arauz kanpokoak direla adieraziz baina.